Antolatzaileek azaldu dutenez, "azken bolada honetan, adostasun zabala dago euskalgintzan ziklo bat amaitzen eta beste bat zabaltzen dabilen ideiaren inguruan". Hala, berbaldian, amaitzen dabilen ziklo horren eta gaur egungo egoeraren ezaugarri nagusiak aipatuko dituzte: "zertan aurreratu dugun eta zertan ez; non ditugun erronkarik nagusienak, zer egin daitekeen hizkuntza normalizazio prozesua eta euskararen aldeko dinamika soziala aktibatzeko, zer egin dezakeen bakoitzak…".
Berbaldiaren tesi nagusia izango da "asko aurreratu" dela azken hamarkadetan, "baina azken urteotan inflexio-puntu batera iritsi garela dirudi (erabileraren inguruko datuek, esate baterako, hori adierazten dute) eta blokeo-egoera batera iritsi ez gaitezen ezinbestekoa da euskararen aldeko dinamikak berraktibatzea maila denetan". Bide horretan, herritarrak aktibatzeko esperientzia berriak sortu dira hainbat herritan (Egia, Agurain, Lasarte-Oria…) eta Topagunea eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS), egitasmo bat martxan ipintzen dabiltza, datorren urtean modu horretako ekimen bat Euskal Herri osoan burutu dadin. Erandion, Berbotsek euskaraz 11 egun emateko esperientziak batu izan ditu eta udalerrian bide bera jorratzeko konpromisoa agertu du. Euskara Zerbitzua eta Erandioko Udala prest agertu dira bidelagun izateko.
Topagunea eta Jaurlaritzaren arabera, ezin da ahaztu aldaketa garai batean bizi garela, eta gure herriaren egoera sozio-politikoan bilakaera nabarmena gertatu dela. Hala, "globalizazioak, telefoniak edo Internetek guztiz eraldatu dituzte komunikatzeko gure aukera eta moduak; gero eta ingurune eleanitzagoan bizi gara... Guzti horren, eta euskal komunitateak egin duen bidearen eraginez, erabat aldatu dira euskaldunon ezaugarri sozio-demografikoak, darabilgun euskara eta baita euskararen erabileraren inguruko parametro asko", azaldu dute.
Berbaldia, testuinguru berri horren inguruko hausnarketa izango da, "eta baita Erandiotik etorkizunera zuzendutako begirada bat", iragarri dutenez: "izan ere, euskaldunok bizi dugun garai historiko giltzarri honetan, normalizazio-bidean jauzi kuantitatiboak eta kualitatiboak emateko aukerak ditugu, eta horretarako erabil daitezkeen 'palanka' batzuk ere azalduko dira". Gainera, "gutako bakoitzak egin dezakeenaren inguruko pistak ere eskainiko dira", azpimarratu dute.
Hizlariak
Kike Amonarriz Gorria
1961ean Tolosan jaioa. Euskal Filologian lizentziatua. Soziolinguistikaren esparruan hainbat alorretan lan egindakoa; umoregilea eta telebistako aurkezlea.
Iker Martinez de Lagos
1976an Bilbon jaioa. Enpresa-zientziatan eta publizitatean lizentziatua. Euskaltzaleen Topagunean komunikazio-arloan lanean.