Bilboko Portu Agintaritzak Udondoko dartsena beteko du, Erandioko udalerrian. Hala, ondoan dagoen Navacel enpresak 20.000 metro koadro gehiago izango ditu; hasieran, aurreikusita dago leku berri hori tamaina eta pisu handiko piezen biltegi izatea, baina Navacelek bere instalazioak hara luzatzeko aukera ere izango du. Erandioko enpresak metalezko galdaragintza-gai eta ontzi-ekipamendu erraldoiak ekoizten ditu. Horregatik, Ibaizabalen gainean ipiniko diren materialek tona askoko pisuak jasan beharko dituzte. Beteko duten esparrua honakoa da: itsasadarreko errepidearen, Navacel enpresaren eta alboko dikearen artekoa. Modu berean, ontzi txikientzako kai bat eraikitzea ekarriko du egitasmoak. Portu-agintaritzak obren kontratua esleitzeko konkurtsoa zabaldu zuen joan den irailean, eta enpresek gaur dute epemuga euren proposamenak aurkezteko. Denera, proiektuak 3,6 milioi bat euroko aurrekontua dauka, BEZa barne. Halere, litekeena da 3.629.807,10 euroko aurrekontu hori baino merkeago ateratzea, enpresen arteko lehiagatik. Proposamenak azaroaren 27an zabalduko dituzte; txosten teknikoak puntuen %40 emango du eta ekonomikoak, gainontzekoa. Irabazleak obrak hasi beharko ditu kontratua sinatu eta hilabetera. Urtebete izango du lanak amaitzeko.
Gastu soziala
Bestalde, Bilboko Portu Agintaritzak "eskulanaren gutxieneko kostua" finkatu du esleipenaren txosten teknikoan, "Bizkaiko lurraldeko Eraikuntzarako Hitzarmen Kolektiboan ezarritakoaren arabera". Txostenak kontuan hartu ditu 2016ko soldata-taulak. Ildo beretik, erakundeak ezarri du proiektu denek aurreikusi beharko dutela segurtasun- eta osasun- partida bat: gutxienez 53.828,14 eurokoa.