Oinarrizko errenta izango dute berbabide Astrabuduan

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 3a, 13:35

Nagusiena da laguntza gehien behar duen jende-multzoetako bat.

Gaur, barikua, baldintza bako oinarrizko errentaren inguruan berba egingo dute Astrabuduan. Erandioko Ahal Dugu alderdiak antolatu du mahai-ingurua, Josu Murueta kultur etxeko areto urdinean. 19:00etatik aurrera, gaiaren inguruan hitz egingo dute Juan Manuel Belamendiak, Marisa Gadeak, Jesús Garcíak eta Silvia Gómezek.

Rafa Vaquero Ahal Duguko zinegotzi eta Erandioko taldearen koordinatzaileak zabaldu duenez, adituek azalduko dute "egoera ekonomiko eta sozial larriaren aurka borrokatzeko erronkarik interesante eta itxaropentsuenetako bat": baldintza bako oinarrizko errenta. Izan ere, bere ustean, egoera hori bizi dute gaur egun "euskal sendi-kopuru handiak". Gainera, Vaquerok azaldu duenez, familia horiek "hasi dira ezinezkotzat jotzen txirotasun- eta langabezi-kateak apurtzea", eta horrek "tristezia eta bizi-larritasuna" dakarkie. Egoera hori denbora luzean pairatu dutenak , berriz, "norberaren utzikerian" erortzen ohi dira.

Erandioko taldearen koordinatzaileak azpimarratu du "aldaketen garaian" bizi garela, "ziurgabetasuna, krisi garaiak eta ezkortasuna" nagusi direla. Bere ustean, "hauek dira momentuak, Naomi Klein-ek 'shockaren doktrinan' iragarri zuenez, eliteek neurri autoritario, murriztaile eta autoritarioak ezarriko dituztenak.
Baina alternatiba politiko ausarta, eta erakargarria, bada", bere iritziz.

Hala, oinarrizko errenta unibertsala funtsezko eta "ezinbesteko" tresnatzat jo du, "pobrezia, desberdintasuna eta bazterketa sozialaren aurkako borrokan". Vaquerok gogorarazi duenez, oinarrizko errentak dakar pertsona denek euren behar materialak bermatuta izateko diru-esleipen nahikoa jasotzea. Bere iritzian, eskubide berri horrek jendarte-kontratu berri bat irekiko du gure gizarteetan, "teknologikoki aurreratuta daudenak, baina eskubide sozialetan zaharkituta", Erandioko Ahal Duguko taldearen koordinatzaileak azaldu duenez.

Zinegotziaren arabera, "oinarrizko errenta eztabaidatzea, funtsean, giza duintasunaren inguruko eztabaida da. Ez da arazo tekniko-finantzario bat, eztabaida politiko bat baizik. Eta herritarrek ezin dituzte erabaki handiak kudeatzaileen edo teknikarien eskuetan soilik utzi, hori egitekotan betiko baztertuko baitituzte".

Horrezkero, Vaquerok kokatu du ekonomia-eztabaida "zerga-sistemaren orekak eta ondarea nola banatu den" azaltzean. Hala, uste du "Oinarrizko Errenta XXI. mendeko erronka handia" dela, eta "Ahal Duguren DNAn idatzita" dagoela.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun