Izan ere, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da datorren zapatuan, azaroaren 25ean; Erandioko, Astrabuduko eta Erandiogoikoko Damatxo emakumeen-elkarteak eta Udalak Erandioko Berdintasun Kontseiluaren aterkiaren pean jardun dute elkarlanean.
Hala, etzi, eguaztenean, hilaren 22an, Faktoria Lilak ekoiztutako "Él nunca me pegó" film-laburra proiektatuko dute Erandioko Emakumeen Elkarteko lokalean, 18:30etik aurrera. Ostean, berbaldia izango da Irantzu Varela zuzendariagaz. Hurrengo egunean, eguenean, Norma Vázquezek eguneroko biolentzien gainean berba egingo du Josu Murueta kultur etxeko areto urdinean, 19:00etan. Barikuan, azaroaren 24an, elkarretaratzea egingo dute udaletxearen aurrean, goizeko 12:00etan. Ostean, leku berean, Ategorri institutuko ikasleek flashmob bat egingo dute. Hori bukatuta, kalejiran joango dira Tartanga kaleko Eskuen Lorategira, Euskal Herrian eta Espainian hil dituzten emakumeak oroitarazteko. Egun horretan bertan, 18:00etan, "Antigua vida mía" filma proiektatuta, zine-foruma izango da Erandioko Emakumeen Elkarteak Altzagan duen lokalean.
Aste bat beranduago, abenduaren 1ean, Berdintasun Zerbitzuak Erandioko III. Berdintasun Plana aurkeztuko du jendaurrean. Azkenik, abenduaren 16an, Lutxanako Arraun Elkarteak emakumeen arteko estropadak egingo ditu. Hala, klubeko kideek erronka izango dute Bizkaiko konbinatu baten aurka.
Jorge González Berdintasun zinegotziaren ustez, "estropadaren helburua da emakumeei protagonismoa ematea kirolean, eta batez ere arraunean". Izan ere, "horrelako lehiaketak beti antolatzen dira gizonezko protagonistakaz, eta ekimen horren bidez protagonismoa emakume kirolariei bueltatu gura diegu", azaldu du.