Atzoko batzarrean, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetza-ekintzen balantzea egin zuten, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Hala, Eusko Jaurlaritzak honako gaien gaineko informazioa eman zuen: udaltzaingoetako agenteen hautaketa-prozesu bateratua, Eudelegaz duen hitzarmena, eta polizia-lankidetzarako Segurtasun Sailaren eta udalen arteko oinarrizko lankidetza-hitzarmena, besteak beste.
Goikouriagaz batera, EAEko udalen elkarteko ordezkaritza osatu zuten Ager Izagirre Mungiako alkateak, Natxo Urkixo Laudioko alkateak eta Alberto Artetxe Amurrioko zinegotziak. Eurekaz batzartu ziren Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordea, Rodrigo Gartzia Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria, Eugenio Artetxe Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendaria, Carlos Zapatero Gasteizko Segurtasun zinegotzia, Donostiako Martín Ibabe Segurtasun zinegotzia, Roland Estebanez ELAko eta beste sindikatuetako ordezkaria.
Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordearen bileran lantalde bakoitzak orain arte egindako beharraren berri eman zuen. Hala, ekipamenduaz, berdintasunaz, informatika eta telekomunikazioez, eta hautaketa eta prestakuntzaz berba egin zuten. Bestalde, akordio bi aztertu zituzten: Ertzaintzak Eudelegaz duen hitzarmena, eta polizien arteko lankidetzarako Segurtasun Sailak eta udalek sinatutako oinarrizko hitzarmena. Azken akordio hori daborduko onartu du Eudelek eta, beste aldetik, Eusko Jaurlaritzak Gobernu Bilerara eroatekoa da. Bestalde, bileran zenbait lege-kontu azaldu ziren. Hala, aztertu zituzten polizia-prozeduretan eta eginbideetan egindako azken lege-erreformak eta herritarren segurtasunaren arloko zigor-araubidea ezartzeko interpretazio-irizpideak eta jardunbide egokiak ere.
Azkenik, "erlijioa aitzakiatzat hartzen duen nazioarteko terrorismoaren" esparruko polizia-koordinazioaren balantzea ere egin zuten batzordean, tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen eta jarduera-plan bateratuen balantzeakaz batera, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko elkarlanaren arloan Segurtasun Sailak eta udalek sinatutako lankidetza-hitzarmenen bilakaera ere aztertu zen.