Astrabuduan autoa uztea ez da erraza, eta are gutxiago joan den asteko astelehenetik. Egun horretan itxi zen anbulatorioaren ondoko lurreko parkinga; bertan 80 auto sartzen ziren. Erandioko Udalak azaldu duenez, leku berean eraikiko da lur azpiko beste aparkaleku bat, zabalagoa, 260 ibilgailu uzteko modukoa. Halere, herritarrek hamabi hilabete itxaron beharko dute, lanak amaitu arte. Udalak azpimarratu duenez, 260 leku horiek salmentara aterako dituzte, bertako auzokideek erosteko aukera izateko, "merkatuak ipinitako baino prezio merkeagoan".
Eskaintza horrek, baina, ez du konbentzitu bertako Parkingari Konponbidea Orain plataforma. Talde horrek kritikatu du Udalak "doako aparkalekuak kentzen dituela bata bestearen atzean, eta ordainpeko garajeengatik ordezkatzen" dituela. Hala, joan den asteko barikuan batu ziren herri-bileran, anbulatorioko gaia jorratzeko. Udalari doako aparkalekuak berrezartzea eta gaiaren gaineko gardentasuna eskatu dizkiote, besteak beste.
Bitartean, aurrera doaz lur azpiko obrak eta eurakaz batera goian plaza ipintzeko proiektua. Udal Gobernuak iragarri du "Astrabuduko birikia" izango dela plaza hori etorkizunean, bi mila metro koadroduna.
Bestalde, beharrek zenbait aldaketa eragin dituzte auzoan. Hala, barikuetako azoka Andrés Mendiguren plazara lekuz aldatu dute. Modu berean, Leioako campusera doazen autobusek Iturrimingo zeharkaleko geralekuak kendu dituzte ibilbidetik. Erandio Busaren kasuan, geralekua Ignacio Aldekoa ikastetxearen aurrera aldatu dute. Eskola-autobusak, ostera, Etxegorri kalean geldituko dira, Consulado de Bilbao kaleko izkinan.