Joan den abenduaren 4tik aurrera, bestelako ikusmen-gaitasuna duten erabiltzaileek aukeran dute bidaia-txartelen zenbait salmenta-makina automatiko berezi erabiltzea, Euskotrenek Bizkaian ematen dituen metro- eta tren-zerbitzuetan. Makina horiek Lutxanako geltokian ez ezik badaude Txorierriko lineako eta metroko 3. lineako geltoki denetan ere. Modu berean, makina berri horiek erabil daitezke daborduko honako beste leku hauetan ere: San Antonioko igogailua (Etxebarri) eta Gernika, Berriz, Durango, Traña (Abadiño) eta Atxuri (Bilbo) geltokiak.
Joan den astelehenean aurkeztu zuten sistema berria Bilboko Zazpikaleak geltokian. Bertan izan ziren Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordea, Imanol Leza Euskotreneko Zuzendari Nagusia eta Juan Carlos Anduenza Euskadiko ONCEren ordezkaria.
Proiektu horrek ONCE erakundearen laguntza izan du, hasiera batean, ikusmen-gaitasuna galduta duten eta ikusteko gabezi handia duten pertsonen beharrizanen irismenaren gainean informazioa batzeko. Behin softwarea garatuta, maila desberdineko ikusmen zailtasunak dituzten pertsonakaz probatu dute, eta horren emaitza "nahiko ona" izan da, Euskotrenen arabera.
ONCEk helarazitako beharrizanak kontuan hartuta, honako hauek dira salmenta-makinetako nabigazio-sistema berrian sartutako funtzionaltasunak: saldoaren irakurketa, diru-zorro txartelaren karga eta txartel anonimoaren erosketa.
Egokitutako salmenta modurako sarrera aktibatzen da makinetako pantaila nagusian berariazko botoia sakatuz edo erabiltzailea bestelako ikusmen-gaitasuna duten pertsona gisa identifikatuz, kontaktu bako txartel pertsonalaren bidez.
Titulu-salmentarako MEATtxikia modeloko makina berriek betetzen dituzte estandarrak, mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasun arloan. Gainera, makina horiek badituzte entzumen-dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako megafonia, braille-serigrafiak interakzio-elementu denetan (botoiak, txarteldegiak, eta abar), eta itsumen eta ikusteko desgaitasun handia duten pertsonei egokitutako salmenta-software espezifikoa.
Garraio publiko eta irisgarria
Antonio Aiz sailburuordeak aurkezpenean berretsi zuen Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa "garraio irisgarria, egokitua eta modernoaren eredu baten alde". Ildo horretan, astelehenekoan bezalako "jardueretan aurreratzea eskatzen du, zerbitzu publikoaren multzoa modernizatzen laguntzen duten teknologiak hornituz", azaldu zuenez. Horretarako, "teknologia berriak sartzea eta erabiltzaileei erraztasunak eta erosotasunak ematen dieten sistema berrien garapena" ezinbestekoa dela azpimarratu zuen Aizek. Modu berean agindu zuen, sistema EAE osora zabalduko dutela. Izan ere, aitortu zuenez, "Euskadiko garraio-sistemaren irisgarritasun osoa lortzeko oraindino lan asko geratzen da". Prozesu horretan ONCEk emandako lankidetza eskertu zuen, "bere ekarpenak erabakigarriak izan dira denon artean modu independente eta autonomo batean garraio publikoan mugitzeko aukera ematen duen sistema diseinatzeko".