Zabalik dago Ikoeta parkea, beharrak amaituta

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 15a, 13:36

Ikoeta parkearen itxura berria. © ERANDIOKO UDALA

Uriolak ez gertatzeko Ikoetan egindako lanak "behar legez" amaituta, gunearen itxura berria aurkeztu dute gaur Erandioko Udaleko arduradunek. Joan den ekainaren 12an itxi zuten Lutxanako parke hori eta lanak hiru hilabetean amaitzea espero zutela iragarri zuten. 300.000 euro inbertitu dituzte euri-urek gainezka ez egiteko.

Erandioko Udalak jardun du Ur Partzuergoagaz elkarlanean, azken horrek Ikoetako euri-uren arazoari hel ziezaion. Izan ere, orain arte, parkeak ez zuen xurgatzen Enekuriko gainaren magaletik jaisten zen euri-ura eta, beraz, urez gainezka geratzen zen, auzokideei traba eginez. Egindako lanek erraztuko dute parkea erabiltzea.

Udal-arduradunek gaur azaldu dutenez, egin beharreko jarduera ez zen udal-eskuduntza bat, baina Udalak auzokideei hori egingo zutela agindu zien. Hala, Ur Partzuergoari auzokideen eskaera helarazi zioten; partzuergoak "arazoa garrantzitsua zela ulertu zuen" eta lanak egingo zituela baieztatu zuen. Ikerketa geoteknikoak hasi ondoren, Ur Partzuergoko teknikariek proposatu zuten hainbat material sartzea, baina gerora baieztatu zuten metroko gunea leherketen bidez beteta dagoela. Hala, ondorioztatu zuten konponbide horren bidez lur-jausiak gerta litezkeela trenbidean. Hori jakinda, beste irtenbide bat bilatu zuten: urak batzea ubide berri baten bidez, parkearen kotak erabilita. Zerupeko kanalizazio hori parkearen erditik pasatzen da, auzoko atzealdean dagoen ponpaketa-guneraino; handik itsasadarrera doa.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun