Bizkaian lan-istripuan hil den aurtengo lehenengo langilea izan da; Bilboko Portuari dagokionez, hirugarrena da, 2015etik hona.
Ezbeharra 09:45 aldera jazo da. Behargina edukiontzien terminalean zegoen, itsasontzi baten garabia garbitzen. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, gidatzen zebilen bost tonako fenwich edo orga-jasotzailea uretara jausi da, behargina barruan zegoela. Langilea uretatik atera ondoren, osasun-langileak hura suspertzen saiatu dira, baina medikuak bere heriotza baieztatu besterik ezin izan du egin.
ELA, LAB eta OUTPB sindikatuek elkartasuna adierazi diete hildakoaren senide, lagun eta lankideei, eta, UGTgaz batera, Noatum Bilbao enpresako langileek deitutako protesta-agerraldiagaz bat egin dute; bihar goizeko 13:45ean izango da, Santurtziko portuaren barruan.
ELAk salatu duenez, segurtasun neurriak ez dira hartzen Montajes Eléctricos Gerpe enpresan; Bilboko Portuko azpikontrata horretan gaur zegoen ipinita zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko bilera, "eguneroko lanean segurtasun eza aztertzeko". Halaber, ELAk eta LABek salatu dute prekarietatea eta lan-erritmo biziak direla azpikontratetan gertatzen diren istripu gehienen zergatia. LABetik arreta jarri diote "lan-istripuen atzean dagoen lan arriskuen prebentzio faltari, are larriagoa dena istripuz hiru langile hil diren instalazio batzuetan". Gogorarazi dutenez, Bilboko Portuko agintaritza da portuko segurtasunaren azken erantzulea eta Asier Atutxa da bertako presidentea, Euzko Alderdi Jeltzaleko "kargu politikoa".
Bere aldetik, UGTk zalantzan ipini du makineria astuna ondo zebilen, uretatik gertu erabiltzean gerta zitezkeen istripuak aurreikusi egin diren edo beharginak beharrezko formakuntza jaso zuen. Lan-istripuei aurre egiteko, OUTPBk eskatu die enpresei baliabideak jar ditzaten eta langileei kontuz jokatzeko.