Goizeko 09:45ak aldera, emakume batek Ertzaintzara deitu zuen Astrabuduko Bilboko Kontsulatua kaleko okindegi batetik, jakinarazteko gizonezko bat labana bat erakutsiz lapurreta egiten ahalegindu zela. Berriemaileak susmagarriaren deskribapena eman zien ertzainei, eta esan zien gizonezkoak ezer eroan barik alde egin zuela bizikletaz, saltzailea garrasika laguntza eske hasi zenean.
Handik gutxira, hurreratu zen Ertzaintzaren patruila bat esandako lekura, eta okindegiaren arduradunagaz harremanetan ipini ondoren, horiek berriz eman zioten gertatutakoaren berri, eta esan zioten gizonezkoak alkoholdun edarien edo substantzia sorgorgarriren baten eraginpean zegoela zirudiela. Gainera, patruilari jakinarazi zioten okindegian lapurreta egiten saiatu aurretik inguruko beste saltoki batzuetan ahalegindu zela.
Ertzainek egiaztatu ahal izan zuten, beraz, okindegian lapurreta egiten saiatu aurretik Atxe Bidea kaleko prentsa-kiosko batean eta Etxegorri kaleko taberna batean ahalegindu zela lapurreta egiten. Bi kasuetan, poliziek egiaztatu ahal izan zutenez, ez zuen ezer lapurtzea lortu.
Bien bitartean, Ertzaintzaren beste patruila bi okindegiaren inguruko kaleetan hasi ziren susmagarriaren bila. Minutu gutxiren buruan, patruiletako batek aurkitu zuen lekukoek egindako deskripzioagaz bat zetozen mutil bat, esandako bizikleta motan zihoana, Astrabuduko Manuel Iradier kalean.
Ertzainen arabera, "gizonezkoa alkoholaren edo drogen eraginpean zegoen argi eta garbi, eta agenteen aurrean jarrera oldarkorra erakutsi zuen, irainduz eta mehatxu eginez, eta une batean ostikoak eta ukabilkadak ematen ere hasi zen, nahiz eta ez zituen jo".
Horren ondorioz, eta 19 urteko gizonezkoa identifikatu ondoren, ertzainek hainbat frogaketa egin zuten eta gizonezkoa atxilotu egin zuten, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta, eta polizia-dependentzietara eroan zuten.