Erandioko Udalak kargu hartuko dio diskoteka bati, "emakumeak modu laidogarrian" aurkezteagatik

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 24a, 15:55

Erandioko Emakumeen Elkarteko mobilizazio bat, sexu-bazterkeriaren aurka.

Erandioko Udalak eta Erandioko Emakumeen Elkarteak salatu dute udalerriko diskoteka baten jarrera, "sexista" delakoan. Barikuan, "De putivuelta" balizko filmaren protagonista izatera gonbidatu omen zuen aretoak.

Erandioko Udalak ohartarazpen bat igorriko dio udalerriko diskoteka bateko langile erantzuleei, etorkizunean "termino sexistarik" ez erabiltzeko sare-sozialetan.

Modu berean, Udalak Emakunderen Begira batzordearen aurrean kexa bat ipiniko du, "Emakundek beharrezkotzat jotzen dituen ekintzak martxan jar ditzan". Aurretik, Erandioko Emakumeen Elkarteak salatu du "lotsagarria" eta "sexista" dela diskoteka baten sarreran gonbidatu izana "De putivuelta" balizko filmaren protagonista izatera. Gainera, ondoan, "putivuelta" berbari definizioa ageri zen: "diskoteka, taberna edo herri-jai batetik egiten den ibilbidea, estalaldia lortzeko asmoz, giroa neurtzeko".

Udalaren iritziz, enpresak hainbat legeren aurka egin du, tartean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legea, Publizitateari buruzko Lege Orokorra eta  Genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko Lege Orokorra.

Erandioko Udalaren oharra

Erandioko Udalak komunikabideen bitartez jakin du gure udalerrian dagoen diskoteka batek termino sexistak erabiltzen dituela sareetan sustatzeko. Udal honek, tokiko erakunde den aldetik eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraikiz (legearen 3. artikuluak adierazten duenez, tratu-berdintasuneko, aukera-berdintasuneko eta sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerrarazteko printzipioen bidez gidatu eta bideratu egin behar dute beren jarduna emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan euskal botere publikoek), honako hau jakinarazten du:

  1. Negozio horrek iragarritako publizitateak Publizitateari buruzko azaroaren 11ko Lege Orokorra ez duela betetzen uste du, lege horren 3. artikuluak ez-zilegitzat sailkatzen baititu emakumeak modu laidogarrian edo diskriminatzailean aurkezten dituzten iragarkiak, haien gorputza edo gorputzaren atalak partikularki eta zuzenean erabiliz sustatu nahi den produktuaz aske dagoen objektu soil bezala, edota emakumearen irudia gure ordenamenduaren oinarriak urratzen dituzten portaera estereotipatuei lotuta aurkeztuta, Genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak aipatzen duen indarkeria sortzen lagunduz.
    Era berean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 41. artikuluan xedatutakoaz ondorioztatzen dena hartzen du kontuan, honako hau ezartzen baita artikulu horretan: "Lege honen arabera bereizkeriazko jokabidea eragiten duen publizitatea ez-zilegitzat joko da, publizitateari eta instituzio-publizitate eta -komunikazioari buruzko legeria orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz".
  2. Horregatik guztiagatik, eta oinarritzat hartuta, alde batetik, jarrera desleialaren etetea edo jarrera hori etorkizunean errepikatzearen debekua biltzen duen Lehia desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legearen 32.1 artikulua eta, bestetik, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko Lege Orokorraren 6. artikulua, zeinean zehazten den publizitate ez-zilegiko kasuetan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea dela legitimatutako erakundea etete-ekintza hori egikaritzeko, Erandioko Udalak kexa bat jarriko dio Begirari, Emakunderi atxikitako eta publizitatearen esparruan sexuarengatiko edozein diskriminazio mota desagerrarazteko aholkatze- eta aztertze-lanetan aritzen den batzordeari, batzorde horrek erabaki dezan jarraitu beharreko prozedura eta Emakundek beharrezkotzat jotzen dituen ekintzak martxan jar ditzan.
    Era berean, Erandioko Udalak jakinarazpen bat igorriko die enpresa horretako langile erantzuleei, etorkizunean horrelako jardunak errepika ez daitezen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun