Erandioztarrek datozen urteotarako gura duten herria erabaki ahal izango dute, prozesu publiko baten bidez. Udalak HAPOren aurrerapenean proposatutako hiru alternatiben arabera, etxebizitza-kopurua sano handituko litzateke udalerrian: gutxienez 2.325 lirateke etxebizitza berriak. Aurreko HAPOa 1995ean onartu zenetik oraingo proiektua idazten hasi zen arte, 2.372 etxebizitzarako lizentzia eman zituen Udalak. HAPOen iraupen optimoa zortzi urtekoa bada ere, Erandioko Udalak hamasei eta hogei urte bitarteko indarraldia izatea aurreikusi du. Dena den, hurrengo HAPOa onartu arte iraungo luke.
Joseba Goikouria alkateak azaldu duenez, txostena osatzeko "lan handia egin da". Izan ere, Udalak hiru urte daramatza "diagnostikoa" osatzen, Egoitz Bilbao Hirigintza zinegotziaren arabera. Kontuan hartu dituzte errepideak, trenak, kutsatutako lurrak, unibertsitatea, urak har ditzakeen lurrak, industria-zorua, bestelako jarduera ekonomikoak, gune berdeak, etxebizitzak eta abar. Bilbaok gogorarazi duenez, aurretik HAPO berri bat diseinatzeko saiakera bat egin zen 1997an, baina bertan behera geratu zen. Aurreko HAPOa, 1993koa, "oso bilbotarra" dela uste du zinegotziak, desanexioaren aurretiko ondasunari erreferentzia eginez.
Udalerri-mailan, itsasadarreko errepideak bateratuko lituzke bidegorria eta bulebarra izateko asmoak. Auzoz auzo, planak aurreikusi du "Goierriko birika mantentzea", Bilbaoren berbetan. Lutxanan geltoki intermodal bat sortuko litzateke, trena, metroa eta autobusa han bateratuz, disuasio-parking bategaz batera. Astrabuduan, udal-apustua izango da saihesbidearen ondoko gunea etxebizitzez ixtea. Gainera, aparkatzeko "arazo endemikorako" balizko konponbide bat aurreikusi dute: 600 autorako parking publikoa.
Cables y Alambres kinka larrian
Altzagaren kasuan, asmoa da "itsasadarrari begira" haztea. Horretarako, Cables y Alambres enpresa historikoa bertatik alde egitea aurreikusten du dokumentuak, "auzoaren hazkundea mugatzen duelako". Bilbaok gogorarazi duenez, arazoa ez da berria: "Orain dela 100 urteko agirietan jasotzen zen hirigintza-traba hori". Ingurua bizitegi-gune legez birkalifikatuko litzateke, "Altzagak eremu hori hazteko behar duelako" eta enpresak beste alde batera aldatu ahal izateko pizgarri bat izan dezan. Dena den, enpresa ez litzateke behartuta egongo alde egitera, "tolerantzia-dekretua" egingo bailitzateke, bere kabuz joan arte. Zinegotziak gogorarazi duenez, Plaiabarriko industrialdean lekua dago enpresak gura badu bertan birkokatzeko.
Herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte, martxoaren 13ra arte. Bitartean, otsailaren 9ra arte erakusketa bisitatu daiteke Altzagan, udaletxeko beheko solairuan. Hurrengo erakusketa Astrabuduan egingo dute, Josu Murueta kultur etxean, otsailaren 12tik martxoaren 2ra. Otsailaren 13an, 19:00etan, teknikariek berbaldia eskainiko dute plana azaltzeko. Azken erakustaldia Erandiogoikoko Gizarte Etxera helduko da, martxoaren 5a eta 16a bitartean. Han, berbaldia martxoaren 6an izango da, 19:00etan. Foro horietara hurbiltzerik ez daukanak edo bestelako zalantzaren bat argitu gura duenak, martitzenetan eta eguenetan aukera izango du planaren aurrerapena idatzi duen lantaldeagaz berba egiteko, udaletxeko beheko solairuan, 16:00-20:00 ordutegian. Ganemos Erandio udal-taldeak aurkezpenen prozesua amaitu arte itxarongo du, herritarren ekarpenak kontuan hartzen diren ikusi eta HAPOren aurrerapena baloratzeko. Hala, Udal Gobernuak "muzin eginez gero", auzotarren kexetan "indarra" egingo lukete, Javi Bilbao herri-plataformako kideak azaldu duenez. Halere, aurreratu du "adreiluaren aurkako ekarpenak" ere egingo dituztela.
EH Bilduk, ostera, eskaera egin dio Udal Gobernuari: HAPOa emakumeen elkarteakaz lantzeko, Altzagan egindako berbaldian, 40 pertsonetatik sei baino ez zirelako andrazkoak izan, eta horietako gehienak, zinegotziak. Hala, Ana Crespo hautetsiak "genero-ikuspegia" erabiltzeko eskatu du. Horretarako diru-laguntza berezia lortu dutela erantzun dio Udal Gobernuak. Horrez gain, beste hiru kezka dauzka EH Bilduk. Euren ustean, «ez dago orekarik etxebizitzen eta aurreikusitako zerbitzu eta gune berdeen artean, proposatutako etxebizitzak gehiegi dira; gainera, kezkatzen gaitu Tartangan 400 etxebizitzako proiektua mantentzeak». Azkenik, arduratuta daude Cables y Alambres dela eta. Uste dute lekuz aldatzea inbertsio handia litzatekeela eta enpresak ixteko apustua egin dezakeela. Puntu horiez gainera, beste batzuk ere mahaigaineratuko dituzte, hiru auzo nagusietan herri-batzarrak egin ondoren.
HAPOa behin betiko bilakatu arte, prozesu luze eta konplexua egin beharra dago. "Hasierako asmoa zen agintaldi honetan amaitzea, baina ezinezkoa izango da", aitortu du alkateak: "gutxienez, prest utzi gura dugu datorrenerako". "Horren inguruan erakunde denek egiten dute txostenen bat, eta guk denak hartu behar ditugu kontuan", gaineratu du Egoitz Bilbao zinegotziak. Herritarren eta alderdien ekarpenen ostean, Udalbatzak proposamenaren alde ala kontra emango du botoa. Hasierako onarpena ematekotan, ondoren etorriko lirateke alegazioen txanda eta behin-behineko onarpena. Balizko helegiteen ostean, azkenean, behin betiko plana onartuko lukete, hainbat urterako.
Etxebizitza-kopuruak
• 3.212 etxebizitza berri aurreikusi ditu HAPOren aurrerapenak, gehienez jota. Gutxienez, 2.325 egingo lirateke, Udalak proposatutako hiru alternatibetakoren bat onartuz gero.
• 2.372 etxebizitzarako lizentzia eman zituen Udalak, 1995etik 2013ra.
• 400 etxebizitza aurreikusi dituzte Tartangan, Abaroa enpresak kaltetutakoei konponbidea emateko proiektuan.