Erandioko futbol-taldeek partiduetara mugitu dute euskararen aldeko erronka

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko ots. 10a, 10:00

Erandioko Betiko Neskak denboraldi honetan batu zaio Futbola Oinarritik Euskaraz proiektuari. HODEI TORRES - HIRUKA

Erandioko futbol-taldeak egiten dabiltza Baietz Lortu! 60 Egunean Euskaraz ekimenaren balorazioa. Mila jokalarik baino gehiagok aukeratu dute euskaraz berba egiteko edo entzuteko prest egotea. Partiduak landuko dituzte orain.

Hirugarren denboraldiz, euskara, futbola eta Erandio eskua elkarri emanda dabiltza, Futbola Oinarritik Euskaraz (FOE) proiektuaren bidez. Helburu horregaz, talde berean jokatzen ibili dira Erandio Kirol Elkartea, Astrabuduako futbol-taldea, Erandioko Udal Euskara Zerbitzua, Eusport enpresa eta aurtengo fitxaketa berria: Erandioko Betiko Neskak kluba. Joan den irailean, Baietz 15 Entrenamendu Euskaraz! dinamika abiarazi zuten behe-taldeek eta behin hori beteta, kluben talde denetara zabaldu zuten kanpaina berri bat, azaroan: Baietz Lortu! 60 Egunean Euskaraz.

Jolas horretan parte hartu gura izan dutenei ekimenak rol bi eman dizkie: mintzo eta adi. Mintzoren papera aukeratu dutenak prest agertu dira euskaraz eta gaztelaniaz entzuteko, eta euskaraz berba egiteko. Ostera, Adi profila gurago izan dutenek aukera eman diete euskaldunei eta gaztelaniadunei gura duten hizkuntzan berba egin diezaieten.

FOEn ez bezala, erronka eta jolas horretan kirol-elkarteetako kide denek eduki dute parte hartzeko aukera, betiere modu boluntarioan. Hala, jokalariek ez ezik, euren rola aukeratu ahal izan dute zuzendaritzako kideek, gurasoek eta boluntarioek, baita arerio-taldeek eta euren segizioek ere.

Gehiengoa, euskaraz berba egiteko prest

Aritz Monasteriok azaldu duenez, "oso ondo" joan da ekimena. Astrabuduako futbol-taldeko koordinatzaile eta euskara arduradunaren arabera, "Astrabuduako eta Erandioko Betiko Neskak taldeetan datu harrigarriak jaso ditugu. Ume gehienak euskaldunak izan arren, euskaraz ikasten dutelako, euren aukera honakoa izan da: %66k Mintzo pegatina aukeratu du; %33k Adi; eta, azkenik, %1 egon da, pegatinarik ez duena aukeratu. Deigarri gertatu zaigu datu hori, uste genuelako euren partez erresistentzia handiagoa aurkituko genuela, baina ez da horrela izan. Jokalariek eta entrenatzaileek aukeran zituzten pegatinak. Entrenatzaileen kasuan, gainera, umeentzat eredu gisa agertzeko zen". Datu hoberenak San Lorentzo futbol-zelaian batu dituzte. Halere, Erandio Kirol Elkarteko taldeak ez dira oso urrun gelditu: "Mintzo aukeratu duen kopurua apur bat baxuagoa izan da, nahiz eta Adiri nagusitu zaion, baina joera gutxi gorabehera Astrabuduan izandakoaren antzekoa izan da", gaineratu du Monasteriok. Denera, "mila pegatina baino gehiago" ipini dituztela nabarmendu du.

Andrea Azkuek ere begi onez ikusi du erronka. Erandioko Betiko Neskak klubeko kadete-taldeko entrenatzailearen ustean, "oso ondo etorri zaigu, batez ere txikiei. Kimuek aurrerapen izugarria egin dute, kadeteakaz, ostera, arazo gehiago izan dugu, baina txikiakaz ondo egon gara. Aurrerapenak ikusi ditugu. Gure ustean ona izan da". Azaldu duenez, "parte hartu ez dutenak entrenatzaile batzuk izan dira. Izan ere, ez dakite euskaraz eta zailtasunak izan dituzte. Jokalariei dagokienez, gehienek euskaraz berba egiten dute edo ulertzen dute. Zailtasunak hiruzpalau entrenatzailegaz izan dira. Besteok badakigu eta ondo moldatzen gara".

Gurasoak ere ez dira jokalarien inplikazio-mailara heldu, baina arreta gutxiago ipini dietela aitortu du Monasteriok: "Apur bat boluntario ipini dugu pegatinena harmailetan, mahai batean". Azkuek azpimarratu duenez, "guraso gehienek ez dakite euskaraz. Baina ekimena komentatu diegu eta esan digute ideia ona dela, batez ere umeentzat, euskara eskoletan baino ez dutelako erabiltzen eta euren euskara-maila bultzatzeko ondo etorriko zaiela".

Partiduetako giroa aldatzen hasi da

Animazioan ere, pauso batzuk eman dituzte. "Giro euskaldunagoa sortzeko" megafonia erabili dute, elkarrizketak egin dituzte eta gurasoei azaldu diete zelan animatu dezaketen euskaraz; horretarako, esaldi eta berba batzuk zeuzkaten paperak banatu zizkieten. "Giroa aldatzen ahalegintzen gabiltza", nabarmendu du Monasteriok.

Diagnostiko-fasean topatu dituzten indarrak orain baliatuko dituzte, Partiduetan Ere Euskaraz dinamika berrian, Azkuek aurreratu duenez. "Guk, entrenatzaileok, zailtasunak ditugu, betidanik erdaraz egin dugulako jokalariakaz", dio. "Adibidez, guk kadeteakaz beti berba egin dugu erdaraz futbol-zelaian, beti. Hortaz, orain euskaraz hastea apur bat zaila da. Baina denboragaz uste dut hori konponduko dugula eta gehiago berba egingo dugula euskaraz", agindu du Azkuek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun