Aitor Fernandez Ogueta da ELAko delegatua Bi Sport 2011 SL enpresan, kiroldegietako kudeaketa-kontratua daukan sozietatean. Fernandezek aitortu duenez, "90 greba-egunen ostean, langileok txarto gaude". Gainera, Jon Loizaga administratzaileak "aurreratu zigun ez dela gehiago jesarriko gure sindikatu-ordezkaritzagaz". Hala, grebalariek ez dakite enpresa prest dagoen beste batzar batera agertzeko; susmatzen dute «enpresak ez duela interesik langileon baldintzak hobetzeko».
Egunotan ohiko dinamikari eutsiko diote, egunero txistualdi bi egiten: 10:00etan Erandioko Udaletxearen atarian, eta 11:00etan enpresak Leioan egoitzaren aurrean. Modu berean, grebaren 100. egunaren bueltan herritarrak informatzeko agerraldia prestatzen dabiltza.
Abonatuen %20 galdu da. Fernandez pozik agertu da herritarrek grebalariei eman dieten babesagatik. Gogorarazi du 3.000 pertsonak sinatu dutela euren aldeko aldarria eta udalerritik martxa egin zutenean ere hainbat jende batu zitzaiela, elkartasunez. Hala eta guzti, uste du Udala ez dela "gatazkan inplikatzen, eta alkateak ez du bizi-seinalerik ere ematen".
Hiru hilabetean kiroldegiek abonatuen %20 galdu dituzte; 600 bazkide inguru, Josean Pérez Kirol zinegotziak baieztatu duenez. Gainera, 500 kexa baino gehiago erantzun ditu Udalak, eta eskatu dionari dagokion dirua bueltatu dio, enpresari fakturetatik eman ez duen zerbitzua deskontatu dion bitartean. "Legea betetzen gabiltza. Gustatuko litzaiguke gehiago egitea, baina ezin dugu", azaldu du Pérezek. ELAk, Ganemosek, EH Bilduk eta Ahal Duguk eskatu diote Udalari enpresa presionatzeko.
langileen eskariez adostasunik ez. Zehatzak dira langileek Bi Sporti egin dizkioten eskaerak: azken urteotan ordu osagarri asko izan duten langileek ordu horiek jardunaldian kontsolidatzea; %2ko gehi kontsumo-prezioen indizeko soldata-igoera; urteko ordu-kopurua 1.710etik 1.542ra jaistea, hainbat urtean; gainsariak azken unean langileak lanera deitzeagatik eta kirol-ekintza erasokorrak prestatzeagatik; kateatutako behin-behineko kontratuak iraunkor etengarri bilakatzea; eta mediku eta espezialisten kontsultetarako ordu-kopurua ez mugatzea.
Fernandezen ustean, langileen eskaerak "oso logikoak dira, baina enpresak esaten digu errealitatetik kanpo gaudela». Gainera, «kontu asko ez dira diru-arazoak, borondate-mailakoak baizik". HIRUKA ahalegindu da Bi Sportegaz harremanetan ipintzen, baina Jon Loizagak ez die utzitako mezuei erantzun.