Gazteei ikasketak aukeratzen laguntzeko azoka egingo dute Erandion

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 23a, 12:14

Batez ere 15-18 urte bitartekoei orientazio akademikoa eskaintzeko antolatu dute azoka. © EDUCACION PARA LA SOLIDARIDAD

Erandioko Formakuntza eta Orientazio Akademikoko 1. Azoka egingo dute astelehenean, otsailak 26, Tartangako LHII institutuan, 9:00etatik 14:00etara. DBHn eta Batxilergoan dabiltzanei etorkizunean egingo dituzten ikasketak aukeratzen laguntzeko helburua dauka ekimenak.

Erandioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute azoka, Udal Gaztedi Planaren barruan. Edonorentzat zabalik egongo bada ere, DBHko azken zikloko eta Batxilergoko ikasleentzat prestatu dute batez ere. Etorkizunean eduki gura luketen lanbidearen arabera formazio egokia aukeratu dezaten irizpideak emango zaizkie, irakasleakaz hartu-eman zuzenean. Tartanga institutukoez gainera, beste hainbat ikastetxetako ordezkariek parte hartuko dute azokan, tartean EHUkoek eta Deustuko Unibertsitatekoek.

Goiz osoan zehar tailerrak, berbaldiak eta erakustaldiak egingo dituzte, eta orientazio zerbitzuakaz harremanean jartzeko modua ere egongo da. Formazio-aukeraketa irizpide ez sexistakaz eta genero-irizpideak kontua hartuta egiteko ildoak azalduko dizkiete bertara doazenei. 

Gaztedi Plana

Formazio eta Orientazio Azoka Erandioko Udalak eta Aldundiak elkarlan martxan ipinitako Udal Gaztedi Planaren hiru lan-lerroetako bat da. Beste biak Ezagutu Aukeratzeko eta Erandioko Bekak dira. Lehenengoa 16 eta 18 urte bitartekoei zuzendutakoa da, eta ikasketak aukeratzeko hainbat tresna eskaintzen du, motibazio-tailerrak eta enpresetan egonaldiak barne.

Erandio Bekak, 18 eta 25 urte artekoek jaso ditzakete. Euren bitartez lan-munduagaz lehen harremana edukitzeko aukera ematen da, sei hilabetez ordaindutako eta tutoreen zaintzapeko praktikak eginez. Informazio gehiago eskuratu daiteke udalgaztediplana@erandio.eus posta elektroniko helbidera idatzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun