Domekan bueltatuko dira Beristain eta Salvador Saharatik

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 2a, 15:09

Beristain eta Salvador probaren bezperan. © BEGOÑA BERISTAIN

Etzi, domekan, Euskal Herrira bueltatuko dira Begoña Beristain eta Jon Salvador atleta erandioztarrak, Saharako Maratoian paper oso ona jokatu ondoren.

Joan den astelehenean, Beristainek irabazi egin zuen 10 kilometroko lasterketa, Tindoufeko errefuxiatu eremuan, Aljerian, beteranoen mailan; berriz, Salvador bigarren geratu zen 42 kilometrokoan. Lehenengo aldiz, saharar bik irabazi zuten maratoia: Lehsen Sidahmed Ahmed eta Inmaculada Zanoguera. Haize-bolada gogorrak bizi zituzten atletek, 30 graduko tenperaturagaz batera.

Beristain pneumonia batetik osatu berria da; hala, ezin izan zuen parte hartu maratoian eta 10 kilometroko distantzian jardun zuen. Proba horretan, laugarren sartu zen helmugan, baina beteranoen lehena izan zen. Iaz estreinatu zen Saharko Maratoian eta hirugarren sailkatu zen 42 kilometrokoan. Kazetaria pozik agertu da emaitzagaz eta ospatu du saharar herriaren 42. urtemugan saharar batek 42 kilometroko proba irabazi izana. Bestalde, Beristainek atzo entregatu zituen hiru botika-kutxa Saharar Errepublikako Osasun Ministerioan, Rabouni-n. Azaldu zuenez, "kanpalekuetan botika-gabezi handia dago. Material hori ekarri izanak asko lagunduko du hemengo jendea". Horregatik goraipatu du hori posible egiteko euskal trenbideetako beharginek egin duten lan eskerga.

Jon Salvador bigarren amaitu zuen maratoia, ibilbidea betetzeko 3 ordu eta 10 minutu eman ostean. Lehenengo herenean, Salvador mantendu zen lasterketaren goiburuan, baina ostean, Lehsen Sidahmed sahararrak aurreratu zuen Salvador. Hala, proba irabazi duen lehenengo sahararra bilakatu zen Sidahmed, 02.59.47 denbora eginda. Gizonezkoen podiuma Abdehalk Seddiki aljeriarrak osatu zuen (03.14.16). Hala, Salvadorrek Saharako maratoian lortu duen laugarren podiuma izan da. 2010ean, irabazle izan zen; 2011n, bigarren; eta 2017an, hirugarren. Gainera, 2003an eta 2004an maratoi-erdian nagusitu zen.

Emakumezkoen maratoiari dagokionez, Inmaculada Zanoguerak irabazi zuen. Espainiar nazionalitatea dauka, baina jatorriz sahararra da. Hala, Sidahmedegaz partekatu zuen maratoia irabazi duen ehenengo sahararra izateko ohorea.

Saharako maratoiaren sailkapen orokorra

Emakumezkoak

  1. Inmaculada Zanoguera, Espainia-Sahara, 03.48.11
  2. Sonia Tripodi Bernal, Espainia, 03.48.17
  3. Marina Graziani, Italia, 04.49.49

Gizonezkoak

  1. Lehsen Sidahmed Ahmed, Sahara, 02.59.47
  2. Juan Carlos Salvador, Euskal Herria, 03.10.00
  3. Seddiki Abdelhak, Aljeria, 03.14.16
Jon Salvador, Lehsen Sidahmed irabazleagaz. © SAHARA MARATON
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun