Erandioko Txirrindulari Elkarteak eta Bilbao Triatloi Taldeak antolatutako proba mendean hartu zuten Sestaoko Triatloi Taldeko emakumeek. Joan den otsailaren 17an Sopelako Duatloian egin zuten legez, Altzagako podiumeko maila denak bete zituzten. Natalia Gómezek berretsi zuen Sopelako garaipena, Erandion ordu bat, sei minutu eta 37 segundoko marka eginda; Beatriz Lalagunak eta Andrea Medierok, ostera, euren sailkapenak trukatu zituzten. Lalagunak bigarren postua lortu zuen Altzagan, Sopelako hirugarrena hobetuta; Medierok, berriz, maila bat galdu zuen Erandioko duatloian. Bestalde, Girls On Fire talde getxoztarrak lortu zuen taldekako bigarren postua.
Gizonezkoei dagokienez, Pello osoro heldu zen aurrena Altzagako helmugan, 26,5 kilometroak 57 minutu eta 22 segundoan bete ondoren. Bere atzean lotu ziren Eder Rodriguez eta Alberto Bravo. Taldeka, TKrono triatloi-talde getxoztarra bigarren geratu zen.