Hirigintza Arloak zabaldu duenez, ekimen horrek hainbat helburu ditu, hala nola, hiri-segurtasunerako puntu beltzak ezabatzea, hiria eta paisaia berreskuratzea eta Tartangako oinezkoen gaur egungo ibilbidean dauden arazoak konpontzea.
Udalak asmoa agertu du lur-sailaren behin-betiko erabilpena ixteko, oinezko bidea eta bidegorria izan dadin. Hala, Arloaren ustean, bide alternatibo horren bidez, "konponduta geratuko da Tartanga kaleko arazoa". Izan ere, errepidearen alde bietan badira tarte batzuk espaloirik gabe eta beste batzuetako espaloiak estuak dira.
Lanei dagokienez, Udalak aurreratu du gaur egungo zintarriak kenduko dituela. Horregaz batera, zoruko kota igoko da, kutxatilak eta hainbat zerbitzuetako putzuakaz batera. Ondoren, zolata ipiniko da zoruaren gainean, eta horren gainetik zoladura hidraulikoa ezarriko dute: ohiko Bilboko baldosak.
Obrak amaituta, patinaje-pistak 372 metro koadro izango ditu: 62 metro luzeran eta 6 metro zabaleran. Bestalde, ibilbideak 289 metroko luzera izango du. Metroaren eta eraikinen arteko eremu erabilgarria lau metrokoa izango da, gune bitan banatuta: bidegorria eta espaloia.