Hala, Javi Conde kirolari paralinpiko basauriarragaz batera beteko du maratoi baten distantzia, 42.195 metro. Ekimen horretan bost ordu edo bost ordu eta erdi ematea espero dute. Ahalegin horri esker, 11.000 euro bideratuko dituzte ongizatezko proiektuetara.
Salvador eta Conderen ustean, erronka berriaren trabarik nagusiena izango dira baselizaren barruko eta inguruko bide-zoru harriztatua eta hainbeste bira eman behar izatea. Izan ere, euren erresistentzia fisikoa kaltetuko duelakoan daude. Aurretik, maila bereko beste erronka batzuetatik garaile atera dira Salvador eta Conde. Maratoia korritu egin dute Bizkaiko Zubiaren gainean, Deustuko sifoiaren tutuaren barruan, Pozalagua kobazulo labaingarriko estalaktiten artean edo Athleticeko gabarra mitikoan. Edozein kasuan, atleten arabera Gaztelugatxe "betidanik ikusgarria izan da bertako jendearentzat. Orain, 'Game of Thrones' dela eta, modan ipini da eta izugarria da datorren jende-mordoa", diotenez. Daborduko hiru entrenamendu egin dituzte baselizan bertan
Gaztelugatxeko probarako 11.000 euro bildu dituzte atletek, babes gisa. Diru hori honako ekimenetarako bideratuko dute: Senegalgo Mbour hiriko Euleuk Sibiir ume-eskola zabaltzea, Creando Futuros elkarte erandioztarraren bidez; biriketako gaitza buxatzaile kronikoa duten gaixoei laguntzeko Bizkaiko elkartea; Saharako herria garatzeko laguntzea; eta kirol egokitua sustatzea.