Zapatuan eta domekan, Erandiogoikoko Gurari aisialdi-taldeak Hirugarren Munduaren aldeko elkartasun-jaialdia antolatuko du auzoan, berriro ere. Aurtengo ekitaldien helburua Yemengo neska-mutilak laguntzeko dirua batzea da. Gurariko kideek urtero antolatzen dute elkartasun jaialdia.
Zapatuan hasiko da jaialdia, goizeko 11:00etan, hainbat ume-jolasagaz. Ordu berean, Goikolanda ikastetxeko gimnasioan azokatxoa zabalduko dute. Bertan, salgai izango dira elkarteko eskulan-taldeak sortutako objektuak. Azoka zabalik egongo da 20:00ak arte. Domeka goizean ere izango da erosteko aukera.
Goiz berean ume-jolasak ere izango dira, eta, egun osoan, "Erandio atzo eta gaur" argazki-erakusketa ipiniko du Takolos irrati-klubak. 14:30ak aldera hasiko da herri-bazkaria; bertan argazkiak atera, eta arrastian emango dituzte. Bazkari-txartelak 15 euroan eros daitezke; umeenak, 10 euroan. Ostean, bingoa eta mus-txapelketa izango dira. 19:00etan, karaokea hasiko da, eta OGT eta Orbelak musika-taldeek kontzertua emango du 22:30etan. Domekan, azoka txikia ere egongo da zabalik, goizean.
Yemen, hiru urte gerran
Yemenek Estatu-kolpea pairatu zuen 2014an eta hurrengo urtean Gerra Zibila isiotu zen. Ordutik hona, Saudi Arabiak kanpaina militarra egin du bertan; bonbardaketek 38.500 herritar hil dituzte, Yemengo Giza Eskubideetarako ministerioaren arabera. Iturri beraren arabera, gerrak eragindako heriotza- eta zauritu-kopurua askoz altuagoa da. Hala, 247.000 bat dira desnutrizioagatik zendutako umeak; 17.608, medikuntza-tratamendua jasotzeko atzerrira ezin joateagatik hil diren yemendarrak; 2.361 dira Yemengo Gobernuak "Saudi Arabiak sostengatutako mertzenarioei" leporatzen dizkien hildakoak eta zaurituak; eta 8.979 da bonbardaketetan mutilatuta edo zaurituta suertatu diren pertsonak. Bestalde, Yemengo mandatariek salatu dute Saudi Arabiak hondatu dituela 2.641 ikastetxe, 600 meskita eta 393 arkeologia-gune.
Joan den hilabetean, NBEk nabarmendu zuen Yemenek munduko giza krisialdirik okerrenetariko bat bizi duela, gatazka armatuaren hiru urteren ostean. Nazio Batuek gaineratu zutenez, biztanleen %75ek mediku-arreta behar du eta gosetea pairatzen du.
Euskal Herrian ekoiztutako armak, Yemengo gerran
Iazko martxoaren 13an, Ignacio Robles Bizkaiko suhiltzaile getxoztarrak uko egin zion Santurtziko Portuan segurtasun-operatibo batean parte hartzeari. Zamaketa haren helburua zen Euskal Herrian egindako hainbat armamentu-tona Saudi Arabiara bidaltzea. "Arma horiek Yemengo gatazkarako izaten dira nagusiki", Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak (OEE) zabaldu duenez. Ignacio Roblesi espedientea ireki zioten, eta hiru eta sei urte bitarteko enplegu- eta soldata-zigorrari aurre egiteko zorian egon zen. Azkenean, urte bat beranduago, huts-egite arina ezarri diote, elkarte eta pertsona askoren elkartasuna jaso ondoren. Getxoko Ahal Duguko idazkari nagusia ere bada Robles.
Gertaera isolatu horrek agerian utzi zuen Euskal Herriko industria militarraren garrantzia. Baita "Ekialde Ertainean gerran dauden herrietara Euskal Herritik bideratzen den esportazioaren tamaina handia" ere, OEEren ustean. Elkarteak salatu duenez, giza eskubideak "era sistematikoan" zapaltzen dituzte Ekialde Ertaineko herrialdeetan, "eta zibilek pairatzen dituzte bereziki gatazkaren ondorioak. Euskal Herrian, borroka antimilitarista izan dugun arren eta gastu militarraren kontrako kanpaina handiak egin badira ere, gutxi dakigu armen ekoizpenaren eta salmentaren gainean. Eusko Jaurlaritzak armamentu-enpresei diru-laguntzak ematen dizkie, eta Euskal Herriko banku batzuek finantzatu egiten dituzte enpresa hauek". Enpresa horien artean Sener aipatu dute, Areetan egoitza nagusia daukan nazioarteko ingeniaritza- eta armagintza enpresa.
Greenpeacek, Mugak Zabalduz, mugimendu feministak eta beste eragile batzuek ere zenbait ekintza eta mobilizazioren bidez salatu dute Bilboko eta Santurtziko portuetatik bideratutako arma-trafikoa.
Egitaraua
Maiatzak 5, zapatua
- 11:00 Ume-jolasak.
- 11:00-20:00 Merkatu txikia, gimnasioan.
- 14:30 Herri-bazkaria.
- 17:00 Mus-txapelketa, bingo.
- 19:00 Karaokea.
- 22:00 Kontzertua: OGT eta Orbelak.
Maiatzak 6, domeka
- 11:00-14:00 Merkatu txikia, gimnasioan.