Eguiluzen ustean, "beharrezkoa" da bere zazpi urteko alabak "egia ezagutzea, apurka-apurka, baina berriro hutsetik hasi barik. Gura dudana da bakearen eta elkarbizitzaren alde hamarkadatan egin dugun ahalegina jakin dadin. Egia da gurasoen gehiengoak nahiago duela horretaz seme-alabei ezertxo ere ez esatea eta ni hori egiten ikusten nautenean artega ipintzen direla, baina nire ustean horrek gure historiako zati bat da; berriro gerta ez dadin ezagutu behar dute".
Eguiluz gogoan ditu "etengabeko segurtasunagaz" ibili behar zuen garaia: "nire aurka atentaturen bat egiteko aukeren aurrean, elkarbizitza zaila zen. Auzokide batzuek erosketa-poltsak botatzen zizkidaten supermerkatutik ateratzean, ile-apaindegian ez zidaten hitzordurik ematen... eta hori gutxienekoa da, nire etxeko atean ere 'komandoak' zeudelako", dio. ETAk jarduera armatuari orain dela zazpi urte amaitu arren, Eguiluzek beste hiru urtez segitu zuen bizkartzainagaz.
Popularrak ikastetxe pribatu batera eroaten du bere alaba, "publikoetan oraindino ere ez dagoelako gaztelerazko hezkuntza. Eta nik euskaraz berba egiten dut eta alabari berba batzuk irakasten dizkiot, baina hezkuntza libre bat izan dezan gura dut, baldintzatuta egon barik. Are gehiago, gustatuko litzaidake ikastetxean ETA zer izan den konta diezaioten, baina txarto kontatzeko gurago dut nik neuk egitea etxean. Hori ikasliburuetan agertu beharreko kontua da, gertatutakoa zuritzeak ez baitio inori onurarik ekarriko", nabarmendu du Eguiluzek. "Nik inoiz ez dut beldurrik izan nigatik, baina bai maite ditudanengatik eta espero dut nire alabak beldur-sentsazio hori inoiz izan ez dezan", azaldu du Erandioko zinegotziak