Altzagako Erribera etorbidearen espaloiaren zolaketa-lanak bukatu dituzte, 100.000 euro inguruko inbertsioagaz. Oraingoan, obrek 400 metroko ibilbidean egin dituzte; denera, pasealekuak 800 metro dauzka. Lanak bi fasetan egin dira: batetik, ur-horniketa eraberritzeko obrak, abenduan bukatu zituzten; eta bestetik, gaur aurkeztutako espaloi berriaren lanak.
Joseba Goikouria Erandioko alkateak adierazi duenez, "berritutako espaloia ez da garrantzitsua soilik auzokoentzat, Bilbotik datozen oinezkoentzat ere; pasealekua Bilbotik ia Getxora arte ailegatzen delako. Pasealeku horretatik, gainera, jende asko Santiagoko Bidetik pasatzen da. Lagun desgaituek ere eskatutakoa betetzen da, eta azkenean, espaloia nahiko zabala eta antolatuta geratu da". Ana Bravo eta Iñaki Mentxaka erandioztarren aurrean egin ditu adierazpenak; bestelako mugimen-gaitasuna dute biek.
Egoitz Bilbao Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, "uste dugu obra oso onuragarria eta beharrezkoa dela udalerrirako".