Urte erdi falta da, baina Euskaraldia prestatzeko giroa berotzen dabiltza honezkero Uribe Kostako herrietan. Erandion, hain zuzen, hiru aurkezpen egingo dituzte. Lehenengoa gaur izango da, maiatzak 23, Altzagako HAPO aretoan, 19:00etatik aurrera. Udagoienerako asmoak agertzeaz gain, Derion iaz izandako esperientziaren berri emango du Txerra Rodriguez Tximintx euskara elkarteko kideak.
Maiatzaren 25an (barikua) Erandio Goikoan egingo dute aurkezpena, 19:00etan hasita Gizarte-Etxean. Eta datorren astean, maiatzaren 30ean, hirugarren saioa egingo dute Astrabuduko Josu Murueta kultur etxeko gela urdinean. Kasu horretan "Agurain, 75 ordu euskaraz" ekimeneko kideen lekukotza zuzena jasotzeko aukera egongo da. 19:00etan hasiko da berbaldia.
Berbots Erandion Euskaraz euskaltzaleon topaguneak eta Udalak elkarlanean abiatu dute udalean Euskaraldia antolatzeko prozesua. Helburua ahalik eta herritar gehien erakartzea da, herriko batzordea osatzeko.
11 egun euskaraz
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da lehen Euskaraldia, "11 egun euskaraz" goiburu pean. Euskal Herri mailan burutuko da ekimena eta daborduko 200 udalerri, herri eta auzok baino gehiagok adierazi dute parte hartuko dutela; Uribe Kostan, Barrika, Erandio, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz udalerrietan eroango dute aurrera..
Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak, ahobizi eta belarriprest, izango dira ekimeneko protagonista, eta 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, aktibatuz inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz. Izen ematea 2018ko irailean zabalduko da.
Erandion ere, egitasmo hau elkarlanean abiatu dute Erandioko Udalak eta Berbots Erandion Euskaraz Taldeak, baina asmoa da ekimenera herritar zein eragile desberdinak batzea, herriko batzordea osatzeko.