Koalizioak joan den apirilaren 11n aurkeztu zuen garraio hori bultzatzeko mozioa, baina apirileko Udalbatzan gaia ez zen jorratu. Hala, agerraldi publikoa egin ondoren espero dute udal-arduradunek maiatzeko bilkuraren gai-zerrendan ipintzea, eztabadaitu eta onar dadin, "Talde politiko denen botoakaz". EH Bilduk zeregin bikoitza eskatu dio Portu Agintaritzari: alde batetik, itsasadarreko ertzak dragatu ditzan, gasoliozko batelek jarduten duten guneetan, gaur egun, mareabeheragaz, nabigatzeko hondo mahikorik ez dagoelako eta horrelakoetan zerbitzua eten egiten delako; beste aldetik, kaia eta etxola "baldintza egokietan" manten dezan. Udalari ere zuzendu zaio ezkerreko koalizioa, zerbitzuaren sustapena eta dibulgazioa egin dezan, gunea zaindu eta egokitzeaz gainera.
Joan den apirilaren 27an, Boteros de la Ría SL enpresak eten egin behar zuen zerbitzua, 19 egunez, Guardia Zibilak txalupa bat prezintatu ostean. Ontziari falta zitzaizkion aseguruko eguneraketaren ziurtagiria ezta beharrezko segurtasun ziurtagiriak ere. Enpresak beste gasoliozko-batel bi badauzka, baina data horietan matxuratuta zeuden. Maiatzaren 17an berrekin zioten itsasadarreko zerbitzuari.
EH Bilduren mozioa berbaz berba
Erandioko "gasolinoari" buruzko mozioa
Ibaian zehar Erandio eta Barakaldo lotzen dituen "gasolino" gure herriaren historia eta kultura kolektiboaren osagai ere baden garraiobidea dugu. Erabilera eta presentzia handiko urrezko garaiak izan dituena bestalde.
Nerbio ibaiaren bi aldeetako industriako enpresarik handienetako batzuen etengabeko itxieraren ondorioz, zein Metro Bilbaoren abian jartzearekin erabiltzaileen jaitsiera handia izan du "gasolinoak". Nolanahi ere gaurdaino bizirauteko gai izan da. Enpresa kudeatzaileak, Boteros del Nervión izenekoak, garai berrietara egokitzen jakin du, langileen joan-etorrien gainbehera aisialdi eta turismora zuzendutako jardueraren bideez orekatuz: Bilboko su artifizialak ikusten joateko afari-irteerak, ibilbidea, urte betetze eta halakoak.
Hau guztia ordea, ez dago arazoetatik eta oztopoetatik salbu, eta gainera hobetzeko aukera errealak egon ere badaude.
Zentsu honetan, "gasolinoa" desagertu ez dadin eta bizirauteko, Erandioko Udalaren zein eskumena izan dezaketen bestelako administrazioen aldetik bera bultzatzeari ezinbestekoa deritzogu. Hau guztia "gasolinoaren" zerbitzuaren berezko ezaugarriengatik (erosoa, azkarra, merkea eta gure historiaren osagai den aldetik etorkizuneko gure historiaren osagai izaten jarraitu dezan), eta sortzen dituen lanpostuengatik baita ere.
Arrazoi hauengatik, EH Bilduko udal taldeak honako mozioa aurkezten du Osoko Batzan jorratua eta onartua izan dadin:
1.- Erandioko Udalak ontziraleku eta erabilera guneen alturan ibaiaren aldeak dragatu ditzan eskatzen dio Portuetako Agintaritzari; izan ere, bertan metatutako lokatzaren ondorioz itsas behera denean "gasolinoak" ez baitu ibiltzeko behar duen besteko sakonerarik, eta halakoetan zerbitzuak bertan behera utzi behar izaten ditu.
2.- Erandioko Udalak ontziralekua, kaseta barne, behar den baldintzetan izateko eskatzen dio Portuetako Agintaritzari.
3.- Erandioko Udalak, garraiobide hau, bere eskumen eta ahalmen guztien baitan, babestu eta sustatuko du: zerbitzuaren sustapen eta dibulgazioa, gunearen zaintza eta egokitzea, eta abar.