Burdin Hesia eta, oro har, 1936ko gerra aztertzeko zaletasuna daukan Asier Pérez de Eulate bilbotarrak berbaldia eman zuen orain dela aste batzuk, Erandioko Ahal Dugu alderdiak gonbidatuta. Ekitaldian, 1937ko ekainaren 14an eta 15ean izan zen Unbeko batailari buruz berba egin zuen. Beraren ustez, "pasarte hark alda izan zitzakeen ondorengo egunetako gertaerak".
Armada faxistak 1937ko ekainaren 11n ekin zion Bizkaia inbaditzeari, Burdin Hesiari gogor erasoz. "Hurrengo egunetan ezbeharrak bata bestearen atzetik gertatu ziren", Pérez de Eulaten adierazi duenez. Faxisten nagusitasuna erabatekoa zen: 142 artilleria-pieza zeuzkaten eta errepublikanoek, ordea, hemeretzi baino ez. Horrez gainera, matxinatuek 110 hegazkinen babesa zeukaten. Asturiastik, Galiziatik eta beste hainbat lekutatik etorritako milizianoek eta Euskal Herriko gudariek, ostera, ez zeukaten hegazkinik, ezta etsaien aparatuak botatzeko armarik ere. Hala, 1937ko ekainaren 13ko 14:00etarako Artebakarran (Derion) zeuden indar nazionalak, frontean sei kilometroko zuloa zabaldu ostean. Bertatik sartu ziren Nafarroako lehenengo, bosgarren eta seigarren brigadak eta, herriz herri, Txorierri osoa hartzen joan ziren. "Ordurako, gutxi gorabehera 4.000 zauritu eta hildako zeuden errepublikanoen aldean", Pérez de Eulatek zehaztu duenez.
Sekulako nahaspila
Historiazaleak argitu duenez, faxisten oldarraldia gelditzen ahalegintzen zebilen brigadetako bat Pablo Beldarrainek zuzentzen zuen: "Egon behar ziren lekuan ere ez zeuden; Mungian zeuden. Bada, faxisten erasoaldiaren berri izan zutenean, Unberaino atzera egin zuten, etsaiak Artebakarran zeudela uste zutelako". Erasoaldiari ekin zionean, daborduko matxinatuak Artebakarran ez zeudela konturatu zen Beldarrain; Lainomendi (Derio) eta Lauromendi (Gatika) hartuta zeuzkaten faxistek.
Arratiatik zetorren Ibaizabal batailoiak ere ez zekien arerioak non zeuden; hori dela eta, Lainomendin Nafarroako Falangeko hirugarren banderagaz topo egin zuten eta ehun hildako eduki zituzten, 1937ko ekainaren 14ko goizean.
Beldarrainek argi zeukan: etsaia aurrez aurre zeukaten. Hori dela eta, dibisioko zatietako bat Larrabetzura bidali gura zuen, eta bestea, matxinatuek daborduko hartuta zeukaten Ganguren mendira (Galdakao). "Ibaizabal batailoia aurretik zeukaten nazionalek; Beldarrainek atzetik joan nahi zuen etsaia inguratzeko, baina buruzagitzak debekatu egin zion. Izan ere, Artxandatik edo Bilbotik harago defenditzea zorakeriatzat jotzen zuten", Pérez de Eulateren berbetan.
Babesik ez
Hala ere, aginduei muzin egin eta, 1937ko ekainaren 14ko gauean, Lauromendin eraso egin zuen Beldarrainek. Faxistek ez zuten espero: 80 gatibu hartu eta nazionalek ihesaldian utzi behar izan zuten artilleria eskuratu zuten errepublikanoek. Handik Artebakarrera jo zuten, San Miguel tertzioa inguratuz. Baina buruzagitzak horren guztiaren berri eduki zuenean, atzera egiteko eta hurrengo egunera arte itxaroteko agindu zion Beldarraini. Erandio gau horretan bertan hartu zuten soldadu faxistek; handik Enekuriraino iritsi eta Txorrierriko herriak berriro hartzen joan ziren matxinatuek. Amaituta zegoen Unbeko bataila.
Agirre lehendakaria
Espainiako Errepublikako Gobernuari idatzitako txostenean, Unbeko batailaz berba egin zien Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: "Ahaztu ezin dudan gerrako pasarteetako bat da. Beldarrainek buruan zeukan operazioak Bilbo askatuko zuen? Oso zaila da baieztatzea. Hondamendia izan zitekeen? Ez dakit. Baina oraindino, gaur egun, buruhauste gehien eragiten didan gerrako pasartea da".