Jon Aiartza abokatu eta enpresako legelari aholkularia da; eskarmentua dauka pentsioen munduan, arlo publikoan zein pribatuan.
Aiartza deriotarra da berez, baina bizitza erdia daroa Uribe Kostan; hasieran Barrikan eta gero Sopelan. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu zen eta Bilboko abokatu elkargokidea da. 25 urte baino gehiagoan enpresa ezberdinetan lan egin du, "gizarte aurreikuspenen, mutualitateen, aseguruen eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen munduan nagusiki", aitortu duenez. Lan kontuak zirela-eta Madrilen egon zen urte batzuetan pentsioen araubide publiko bat zuzentzen.
Euzko Alderdi Jeltzaleko kidea da 16 urte zituenetik; barne-erantzukizunak hartu zituen hainbat urtetan, eta 2013tik EAJko kargu publikoa da. Izan ere, urte horretan ordezkatu zuen Fátima Ansotegi Elordi Eusko Legebiltzarrean. Ordutik, Enplegu eta Gizarte Politikako Batzordeko kidea da, besteak beste.