Erandioko Gazte Asanbladak 11. urteurrena ospatuko du

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 25a, 21:48
Erandioko Gazte Asanbladaren hainbat kide, artxiboko irudian.

"Erandioko gazteak hamaika gara" lelopean, bere 11. urteurrena antolatuko du Erandioko Gazte Asanbladak (EGA) zapatu eta domeka honetan, Altzagan.

Gazte eragileko kideek egitarau zabala osatu dute zapaturako. Hala, goizeko 12:30ean hasiko dute eguna, plaza aldarriz betetzeko tailer praktiko bategaz. Ordubete beranduago, trikiti-poteoan jardungo dute Altzagako tabernetatik. 15:00etan, ostera, herri-bazkaria izango dute. Aurretik txartela erosi ez dutenek ere aukera izango dute bertan hartzeko, apur bat garestiago, 7 euroan. Bazkalostean, hamaika berbaldi akustiko izango da, eta horren ondoren kalejira berezia herriko musika-jartzaileakaz, 19:00etan.

Domekan, ostera, kontzertua eta parrillada antolatu ditu EGAk, Altzagako ontziralekuan. Hertzainak taldearen omenezko Txalainak bandak jardungo du oholtzan, 20:00etatik aurrera. Gazte-asanbladak jakinarazi duenez, eguraldi txarra eginez gero baliteke ekimena lekuz aldatzea.

Erandioko Gazte Asanblada 2007ko apirilaren 28an aurkeztu zuten jendaurrean, lau hilabetez batzen hasi ondoren. Hasierako kideek orduan azaldu zutenez, “herrian gazteontzat ezer ez dagoelako” kezkatuta, 15 bat lagunek ekin zioten batzeari, gazte-aisialdiaren inguruan lan egiteko asmoz.

Ekimenaren kartelak

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun