Eguenean hasiko dira Erandiogoikoko Gorpuzti jaiak

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 29a, 18:05
Zapatuan antolatukod ute herri-bazkaria. © ERANDIOKO UDALA

Eguenetik domekara arte jaietan murgilduta ibiliko dira Erandiogoikoko auzotarrak eta bisitariak, Gorpuzti jaia aitzakiatzat hartuta.

Aurten Goi-Alde dantza-taldeak irakurriko du pregoia, eguenean, 19:30etik aurrera, zortez egokitutako rola betez. Ostean, suziriari su eman, eta festak isiotuko dira. Goi-Aldek eta musikak presentzia handia edukiko dute jaietan. Besteak beste, entzunbide egongo dira honako hauen doinuak: Luhartz, Trikizio eta Oxabi erromeria-taldeak, eta Tierra Kritikal musika-taldea.

Gazteen giroan txonbo egiteaz gainera, sendiek eta neska-mutilek ere edukiko dute zertaz gozatu. Bizkorrenek buruhandiak xaxatzeko aukera edukiko dute eguenean, 19:45ean; hanka-motelenek, ostera, kontuz ibili beharko dute, puxikakaz jo ez ditzaten. Plan lasaiagoa izango da Olgetan Solas familiarteko kirol-jolasena. Erandioko Udal Euskara Zerbitzuak antolatutako ekimena barikuan izango da, 18:30ean. Zapatuan eta domekan puzgarriak edukiko dituzte neska-mutilek. Domeka, bestalde, gastronomiaren eguna izango da.

Erandiobuseko zerbitzu-berezia

Udalak jakinarazi du aurten ere egongo dela Gorpuzti jaietara igotzeko eta bertatik jaisteko aukera. Bariku eta zapatuko gauetan, autobusak egongo dira ordu erdiro, 04:00etatik 08:00etara. Halere, Udalak azaldu du zerbitzu hori bertan behera utziko duela iazko gertaerak errepikatuz gero. 2017an, zenbait erabiltzailek autobuseko pieza batzuk hondatu zituzten, eta langileei irainak eta berba txarrak bota zitzaizkien.

Egitaraua

Maiatzak 31, eguena

  • 12:00 Meza.
  • 12:40 Elizateko aurreskua eta mokadua nagusientzat.
  • 19:30 Pregoia irakurriko dute Goi-Alde dantza-taldeko kideek, eta txupinazoa botako dute.
  • 19:45 Buruhandiak, eta poteoa musika-eskolako trikitilariakaz.
  • 21:30 Herri-afaria (txartelak aurretik salgai, hamabost euroan, Dandaka jatetxean).
  • 23:30 Erromeria: Luhartz.

Ekainak 1, barikua

  • 18:30 Olgetan Solas familiarteko kirol-jolasak.
  • 20:30 Goi-Alde dantza-taldeko nagusien ikuskizuna.
  • 21:30 Elkartasun-txanpinoiak, Loiuko Danontzat elkarteak prestatuak.
  • 23:00 Oxabi erromeria-taldea eta Aiaraldeko Sound System.

Ekainak 2, zapatua

  • 12:30 Goi-Alde Dantza taldearen kalejira eta umeen dantza-erakustaldia.
  • 13:30 Umeentzako puzgarriak.
  • 15:00 Herri-bazkaria (txartelak aurretik salgai, bost euroan, Dandaka jatetxean).
  • 17:00 Taberna Ibiltaria.
  • 20:00 Txitxi-burruntziak banatuko dituzte.
  • 22:00 Kontzertua: Tierra Kritikal eta Trikizio.

Ekainak 3, domeka

  • 10:30 Umeentzako puzgarriak.
  • 11:00 Herriko gaztetxoen lehen jaunartzeak eta Erandioko Musika Bandaren emanaldia.
  • 14:30 Sukaldaritza-lehiaketa.
  • 16:00 Kuadrillen arteko jolasak.
  • 18:00 Sari-banaketa.
  • 21:00 Jaien amaiera eta kupelak hustea.

Erandiobuseko ordutegiaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun