Erandioko Udalbatzak arbuiatu egin du Israelek Palestinan erabilitako biolentzia

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 31a, 17:09

Israelgo Armadak egindako sarraskia salatu dute munduko hainbat hiritan, tartean Berlinen. CCBYSA HOSSAM EL HAMALAWY

Erandioko udal-talde denek batera salatu dute joan den maiatzaren 14an Israelgo Armadak Gazan egindako sarraskia. Gutxienez, 60 pertsona hil zituzten, euretako bost nerabeak, eta beste bat zortzi hilabeteko umea.

Joseba Goikouria alkateak gaur goizeko udal-bilkuran azaldu duenez, hainbat alderdik aurkeztu zituzten zenbait testu, Nakbaren edo "hondamendiaren" 70. urtemugan palestinarren aurka egindako erasoa salatzeko. Goikouriak eskertu du talde denen jarrera irekia eta Eusko Jaurlaritzak onartutako testuaren inguruan aho batasunera heldu izana.

Ondoren, Jorge González zinegotzi sozialistak irakurri du dokumentua. Bertan, Erandioko Udalak Israelgo Estatuari eskatu dio "berma dezala Palestinako herriaren giza eskubideekiko errespetua" eta biolentzia gera dezala. Modu berean, "elkartasuna eta dolumina" agertu dizkie kaltetu denei eta berretsi du Palestinako Estatuaren aitortzea.

Testua botaziora ipini aurretik, Aiala Eguiluz zinegotzi popularra atera da udal-aretotik eta horrek zalantza batzuk eragin ditu, ea botazioa egitea komenigarria zen. Minutu batzuen ondoren, Eguiluz bueltatu da gelara eta testua onartu da, aho batez.

Erandioko Udalbatzaren adierazpena

"Aurrekariak: Israelek Palestinako herriaren kontra egindako erasoa errefusatzeko udal-talde politikoek aurkeztu duten adierazpen instituzionalaren edukia.

GERTAKARIAK: azken aste hauetan, Palestinako herriak martxa egin du Nakba-ren hirurogeita hamargarren urteurrenaren oroitzapenetan, eta pairatzen duten krisi humanitarioagatik eta giza eskubideen urraketagatik, protestan Ipar Amerikak Israelgo enbaxada Jerusalemera eraman duelako. Maiatzaren 14an, Israelek protesta baketsu horren aurka buruturiko errepresioa odoltsua izan da, eta gutxienez 59 pertsona hil ditu, 6 adin txikiko barne, eta, momentuz 2.700 zauritu baino gehiago. Zauri horien erdiak munizio errealaren ondorio izan dira, eta 130 pertsona aurkitzen dira egoera larri-larrian. UNRWAren arabera, Gazako ospitaleetan ekipo medikoak gainez eginda daude, eta geratzen zaien erregaiarekin zazpi egunerako baino ez daukate ebakuntzekin jarraitzeko.

Eraso horren aurrean, Erandioko Udalak:

  1. Erabat arbuiatzen du Estatu Batuen enbaxada Jerusalemera aldatzeagatik protestatzeko martxan ari ziren milaka palestinarren aurka Israelgo armadak erabilitako biolentzia –horren ondorioz 59 pertsona hil baitira eta zaurituak mila baino gehiago izan dira–, hain zuzen ere, okupatutako lurraldeetako 2014. urteaz geroko gertakaririk odoltsuenetarikoa. Era berean, Erandioko Udalak Israelgo Estatuari eskatzen dio berma dezala Palestinako herriaren giza eskubideekiko errespetua.
  2. Elkartasuna eta doluminak adierazten dizkie zuzenean edo zeharka eragindako pertsona guztiei.
  3. Bat egiten du Nazio Batuek, Europar Batasunarekin eta nazioarteko komunitatearen zati handi batekin batera –herrialdeak eta organismoak barne–, Israeli egindako deiarekin biolentziaren kontentziorako Gazako mugan, hain zuzen ere, Israelgo armadak palestinarren protesten aurrean eragindako biktima-balantze odoltsuaren ondoren, hurrengo egunetan alde batera utziz populazio zibilaren artean biktima gehiago eragin dezakeen zein-nahi neurri.
  4. Berretsi egiten du Diputatuen Kongresuak 2014ko azaroaren 26an hartutako akordioa, Palestinako Estatua aitortzeari buruzkoa.
  5. Alkate-udalburuari ahalmena ematea erabaki hau betearazteko behar diren ebazpenak emateko".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun