HIRUKAri helarazitako agiriaren arabera, hainbat ezezagunek Erandioko trenbideko katenaria moztu dute gaur goizaldeko lehenengo orduetan. Espetxeratutako Altsasuko gazteen alde egindako hamaika mobilizazio, protesta eta dinamiken baitan kokatu dute ekintza hori. "Ez da terrorismoa, ez eta gorrotoa; nazka da sentitzen duguna", adierazi dute Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako epaiaren harira.
Metro Bilbaok adierazi duenaren arabera, "katenariak ez du inolako erasorik jasan" eta metroa normaltasunez funtzionatzen ari da.
Ezezagunek HIRUKA komunikazio-taldeari bidalitako agiria:
Lehenik eta behin, doakiela besarkadarik sendoena Altsasuko gazteei eta, nola ez, euren senide eta lagunei. Aupa zuek!
Altsasuko gazteen sententziak eta espetxeratzeek agerian utzi dute beste behin ere espainiar erregimen postfrankista honen ankerkeria. Euskal Herritarroi, berriro ere, gure erreietan sentiarazi digute haserrea eta amorrua. Fiskaltzak eta erregimenaren lagun diren komunikabideek askotan errepikatu dituzte "terrorismo" eta "gorroto" bezalako hitzak. Baina ez da terrorismoa, ez eta gorrotoa. Nazka da sentitzen duguna.
Baina, honen guztiaren gainetik, sentitzen dugun amorrua duintasun eta maitasun bilakatzen jakin izan dugu. Horren adierazle dira Euskal Herri osoan zehar Altsasuko gazteen alde egindako hamaika mobilizazio, protesta eta dinamika. Argi adierazi diegu injustizia eta ankerkeriaren aurrean hemen herri duin bat dagoela.
Eta bide honetatik jarraitu behar dugu. Erandion eta Euskal Herriko txoko askotan, trenbidetako katenariak moztu ditugun bezala; moztu dezagun ere 78ko erregimenarekin lotzen gaituen katea. Datozen egunetan ere, mobiliza gaitezen eta bete ditzagun kaleak. Kolpatu dezagun 78ko erregimena, erortzear baitago! Animo eta aurrera, amesten dugun askatasunera!
Altsasukoak aske!