2015eko martxoan erosi zuen Vicinay taldeak Cables y Alambres. Orduko aurreikuspenak oso baikorrak ziren, 40 langile kontratatuko zituztela eta bost urtean produkzioaren gorakada % 70ekoa zango zela iragarri baitzuten ugazaba berriek. Aldiz, langileek salatu dute hiru urte geroago egoera oso bestelako dela.
Agiri baten bidez zabaldu dutenez, arazo ugari dauka enpresak gaur egun: makinak oso zaharkituta daude, eta horrek kolokan ipintzen ditu bai segurtasuna bai ekoizpenari eusteko gaitasuna; soldatak atzerapenez jasotzen dituzte behi eta berriro iazko urritik; eta lan-erritmo onartezina inposatzen zaie, ordu estrak barne.
Segurtasun-neurri egoki barik jardutearen ondorioz, aurten 26 istripu eduki dituztela azpimarratu dute. Gogoan eduki behar da, gainera, iazko irailean bertako langile bat hil zela.
Gaineratu dutenez, Erandioko HAPOaren proiektuak enpresaren egoitza orain dagoen lekutik desagertzea aurreikusten du. Horrek arriskuan ipiniko Cables y Alambresen biziraupena, eta ondorioz, orain bertan dauden 150 lanpostuena ere bai.
Honenbestez, mobilizazioak iragarri dituzte langileek. Lehenik eta behin, elkarretaratzea egingo dute astelehenean, uztailak 2, lantegiaren aurrean, 13:30etik 14:30era.
Loramendi egoitza, hilabete greban
Sanitas Loramendiko langileek ere eman dute euren egoeraren berri. Azaldu dutenez, denbora luzea daroate mobilizazioak egiten, eta greban eman dute azken hilabetea. Besteak beste, hamahiru langilek (denak emakumeak) lanaldi partziala daukatela salatu dute, egoitza zabaldu zutenetik zenbait arlotan lan-kantitatea asko handitu bada ere. Esan dutenez, enpresak behin eta berriz ukatu die lanaldi osoan jarduteko aukera, eskari hori egiten orain hamar urte hasi baziren ere.
Lan gehiegi egitearen ondorioz euretako askok osasun-arazoak dauzkatela adierazi dute. Horrek, eurei ez ezik, egoitzako erabiltzaileei ere egiten die kalte langileen esanetan, behar bezalako zerbitzua ematea eragozten die eta.