Hala, festibala kontzertua izango da aurten. Datorren urtean ohiko egitarauari ekingo dio berriz ere ekimenak, Itxaso Larrearen oroimenezko habanera-festibal gisa.
Barikuan honako taldeak entzuteko aukera izango da: Mendibaiarte, Altzaga Abesbatza, Erandioko Musika Banda eta Kantagune.
Mendibaiarte abesbatza
1999an sortu zen, otxote moduan. Ondoren, 2005ean, otxotea zabaldu egin zen eta, hala, Mendibaiarte abesbatza sortu zen. 25 kidek osatzen dute, eta, 2018ko martxoaz geroztik, José Ignacio Egigurenek zuzentzen du, garai horretan hil baitzen Itxaso Larrea abesbatzaren sortzaile eta zuzendaria zena.
Kantagunea
Erandioko Altzaga Ikastolan sortutako taldea da Kantagunea, bertako Gurasoen Elkarteak bultzatua. Gure herriko kaleetan euskara era atsegin eta erakargarrian presente egitea da bere helburua eta… zer atseginagorik kantuan aritzea baino? Gainera, gure kultura ezagutzeko eta ezagutarazteko aukera ematen digu.
Erandioko Musika Banda
Erandioko musika-banda 1965eko martxoan abiatu zen. Gaur egun 26 musikarik osatzen dute. Banda abiarazi zuten kideen artean, batek bakarrik jarraitzen du bertan, hain zuzen ere, Miguel Ángel Díez "Mitxel" gaur egungo zuzendariak.
Altzaga Abesbatza
Erandioko Emakumeen Elkartearen barruan sortu zen Altzaga Abesbatza 1997an, baina, gaur egun, entitate burujabea da. 2012az geroztik, Natxo Egiguren dabil zuzendari.