Bihar, martitzenean, hasiko dituzte aurten Andra Mariaren omenezko jaiak Erandiogoikoan, jai-egunaren bezperan. Hurrengo egunean, eguaztenean, jaiak amaitu bitartean, ospakizunez gozatzeko aukera izango dute bertoko herritarrek eta auzora hurreratuko diren pertsona den-denek. Azken urteotan jazo legez, andramarietan ez dira faltako dantza-plaza, dastaketak, poteoa, neska-mutilei begirako jarduerak eta gaueko dantzaldiak; ezta kuadrillen arteko paella-txapelketa ere, Mikel Zarate jai-batzordeko kideak baieztatu duenez.
Jaietako topagune garrantzitsua da ohiko gastronomia-lehiaketa horren hitzordua; izan ere, ekimen horretan ikusgarria da auzoko kuadrillen arteko lehia handia: ea nork egiten duen auzoko, herriko eta, beharbada, munduko paellarik onena; izan arrain, okel edo bakarrik barazkiz egindako paella. Lagun-taldeek nork bere osagai sekretuak erabiliz prestatu ahal izango dituzte euren arroz-platerak. Jakina, egindako chef-lana aurkeztu beharko du kuadrilla bakoitzak, jai-batzordeak banatuko dituen sarietakoren bat jaso gura izanez gero behintzat. Bestalde, Goi-Alde dantza-taldeak erakustaldia eskainiko du jaietan. Jai-batzordeak laster iragarriko du behin betiko egitaraua; oraindino antolaketa-lanetan dihardute eta.
Jaietako egitaraua
Abuztuak 14, martitzena
- 18:00 Irrien lagunak.
- 19:00 Trikiti-poteoa, tabernaz taberna.
- 21:30 Txitxiburruntzi-jana.
- 23:30 Erromeria Ozen taldeagaz.
- 01:30 Zezen mekanikoa.
Abuztuak 15, eguaztena
- 11:00 Egun osoan, elkartasun-igela.
- 11:00 Egun osoan, umeei begirako puzgarriak.
- 11:00 Paella-lehiaketaren hasiera; jai-batzordeak arroza banatuko du.
- 13:00 Goi-Alde dantza-taldearen erakustaldia.
- 14:30 Paellak aurkezteko ordua.
- 16:00 Xaiborren ikuskizuna.
- 18:00 Paella-lehiaketaren sari-banaketa.
- 18:30 Kuadrillen arteko zenbait jolas antolatuko dituzte; ondoren, kupelak hustea.