Kultura  Erandio 2018-09-11 22:58

Euskal Ezkontza Astrabuduan: 1883ra itzulera

Bigarrenez, XIX. mendeko benetako euskal ezkontza baten antzezpena egingo du Trabudu Dantzari Taldeak. Domekan da hitzordua, hilaren 16an; egun osoz, 1883an egindako Juana de Acha eta Julian de Aguirreren arteko ezkontza berpizten ahaleginduko dira antzezleak Astrabuduko kale eta plazetan. Gonbidatu-kopurua, egundokoa: gura duten herritar denak.

Euskal Ezkontza Astrabuduan: 1883ra itzulera
Orain dela urte bi Astrabuduan egindako Euskal Ezkontzaren irudi bat. © TRABUDU DANTZARI TALDEA | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain urte bi bururatu z¡tzaien Trabuduko kideei antzinako ezkontza bat ahalik eta modurik errealenean erakustea, taldearen 40. urteurreneko ospakizunetan. Orduko hura oso arrakastatsua suertatu zela eta, errepikatzea erabaki dute. Julian de Aguirre eta Juana de Acharen arteko ezkontza aukeratu dute horretarako, oso arrazoi on batengatik: "Familia hura oraindino Astrabuduan zutunik dauden baserri apurretako batean bizi izan zen". 

Esan beharrik ez dago baserri hartatik (Atxes baserritik, alegia) irtengo dela ezkontza-segizioa emaztea izango denaren eta haren familiaren bila, Etxezarrera. Handik San Lorentzoko elizara joango dira denak.

Lehenengo ekitaldian, eliza-akta irakurri eta Altzaga abesbatzak kantatuko du, eta ondoren Josu Murueta plazaraino joango dira denak. Han kantu gehiago egongo da, Astrabuduko Kantagunearen eskumenez.

Musikarekikoak eginda Mendiguren plazara joango da ezkontza. Hantxe, notario batek ezkontza-kontratua irakurriko du. XIX. mendeko ohiturak agintzen zuen kontratua irakurtzea lehenik eta ezkontza bera egitea ondoren, baina oraingo honetan ordena aldatu dute antolatzaileek, "logistika-arazoak direla eta".

Baserria, txapel bi eta ohe osoa

Kontuak kontu, kontratuaren irakurketak aukera emango du jakiteko familia bakoitzak zer ekarpen egin zion familia sortu berriari 1883ko ezkontza hartan. Ondasunik garrantzitsuena Atxes baserria izan zen; beste batzuk berriz bitxiagoak irudituko zaizkigu XXI. mendekooi, pare bat txapel edo ohe oso bat, berbarako.

Trabudu taldeak dokumentazio-lan handia egin du ezkontza ahalik eta ondoen antzezteko. Besteak beste, hara joandako pertsonaia esanguratsuen berri izatea lortu dute, eta hala, garaiko alkatearen, abadearen eta medikuarena egingo duten antzezleak izango dira besteak beste, izen-abizen eta guzti. 

Irakurri beharrekoak irakurritakoan, herri-bazkaria eta arrastian erromeria egingo dituzte ospakizun-antzezpenari amaiera emateko. Joan gura duten guztiei garaiko baserritar jantziz joatea eskatu diete antolatzaileek. Eta esan bezala, mundu guztia dago gonbidatuta.

Egitaraua osorik:

  • 11:30   Gonbidatuen topaketa, Don Tomas parkean, elizaren ondoan.
  • 12:00   Eztei-segizioaren irteera, senargaiaren (Atxebidea, 7) eta emaztegaiaren (Atxebidea, 8) etxeetatik.
  • 12:15   Irakurketa, elizan.
  • 12:30   Kantagunea taldearen ondoetorria eta eskaintza ezkonberriei, Josu Murueta plazan.
  • 13:30   Ezkontza-hitzarmenaren eta kontratuaren irakurketa, Mendiguren plazan.
  • 14:00   Aurreskua.
  • 14:30   Herri-bazkaria Mendiguren plazan.
  • 18:00   Erromeria.

2018/09/16 11:30 - 20:00

Astrabudua Erandio

Ekitaldi gehiago »»

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa