Sei musika-bandak alaituko dituzte Erandioko kaleak aste-akabuan

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 14a, 17:47
The Farra Marching Band-eko gasteiztarrek joko dute barikuan Altzagan eta domekan, Astrabuduan. © THE FARRA MARCHING BAND

Gaur iluntzean hasi eta domekara arte, Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako bina musika-banda entzungo dira Altzagan eta Astrabuduan, Kaleko Musikarien Nazioarteko 18. Topaketan. Hala, bariku arrastian, zapatu osoan eta domeka eguerdian kaleak jazz, rock eta funky-doinuez beteko dituzte taldeek, aldi berean auzo bietan kalejirak eginez.

Ondokoak dira Erandiora gerturatuko diren bandak: The Farra Marching Band (Euskal Herria), Rock’n Brass (Euskal Herria), Les Bizounours (Frantzia), Majareta Brass Band (Andaluzia), Barba Dixie Band (Gaztela) eta Poussez Pas Mémé (Frantzia). Arrizen Monasterio Kultur zinegotziak gogorarazi duenez, Erandio Musikalean izena ere hartu du topaketak. Izan ere, bost urte daroa Udal horrek "bakarrik" antolatzen. Lehen, Leioako Udalak eta baita Basaurik eta Sestaok ere parte hartzen zuten ekimenean.

Musika-bandak

Barba Dixie Band

Jazzaren jatorriak liluratzen zuen Barba Dixie Band taldea; hortik sortu zen, hain zuzen. Euren instrumentazio klasikoak sustraietan sakontzen du, tronpetak, tronboiak, banjoak, kontrabaxuak eta washboard instrumentuak osatzen baitute. Manzanares ibaiko lurrunontzi baten karelean hasi zuen bere ibilaldia. Odol berria eta bizar asko, tradizio handiko doinuak egiteko.

Rock’n Brass

BraZZtet MV talde gasteiztarrak Rock ́n Brass ikuskizuna sortu du, publikoa rockaren abesti mitikoak interpretatuz hunkitzeko asmoz, abestiok metalezko haizezko instrumentuekin (Brass Band) eta bateria etaperkusioagaz jotzeko egokituta. Publiko guztientzako show horrek ez du inor hotz utziko, gorputz osoa mugituko baitu taldearen metalen osaera itzelagaz eta erritmo-atal txundigarriagaz, baita taldekideen taularatze dibertigarriagaz ere.

Majareta Brass Band

Musika positiboak mundua alda dezakeela sinetsiz sortua, Majareta Brass Band taldearen helburua musika- instrumentuen metalaren bidez interpretatzea da. Beste batzuk inspiratzeko nahiak elikatzen du taldearen intentsitatea eta energia. Majareta Brass Band haize-instrumentuz osatutako taldea da eta uneko bertsiorik onenak interpretatzen ditu, beren ukitu bereziarekin, euren bertsio propioak lortu arte. Talde hori urterik urte hobetzen joan da, publikoa asetzeko modua aurkitu duen arte; hala, buru izan da nazioarteko zenbait jaialditako karteletan eta gaur egungo Brass Band onenekin partekatu du agertokia.

The Farra Marching Band

The Farra Marching Band olgeta, kalitatezko musika eta publikoarekiko elkarrekintza da. Gelditu barik dantzatzeko kaleko musika. Benetako Brass Banda, talde txiki baten eraginkortasunarekin, eta talde handi baten indar eta energiarekin. Esperientziadun musikariak dira, eta, beren errepertorioa izateaz gain, estandar handien bertsioak jotzen dituzte.

Les Bizounours

Les Bizounours fanfarreak esperientzia handia dauka Frantzia hegoaldeko jai handienetan. Musikari bikainak dira, eta edozein publiko eta egoerara egokitzen den errepertorio handia dute, euren ekitaldietan rocka, abesti latinoak, herri-musika eta abar nahasten baitira.

Poussez Pas Mémé

Bost musikari horiek jai eta musika giroan kaleak hartzen dituztenean, unibertso zoro batera eramaten dute jendea. Rock eta ska estiloetan oinarrituta, eta sketch batzuk eta eromena gehituta, showman handi horiek euren energia eta umore ona helarazten dute.

Egitaraua

Irailak 14, barikua

  • 20:00    The Farra Marching Band, Altzagako ibilbidean: Irailaren 23a plaza, eta Obieta, Ibarra eta Jado kaleak.
  • 20:00    Rock’n Brass, Astrabuduko ibilbidean: Josu Murueta plaza, Lurberri kalea, Trabudu plaza, San Lorenzo kalea eta Mendiguren plaza.

Irailak 15, zapatua

  • 12:00    Les Bizounours, Altzagako ibilbidean: Irailaren 23a plaza, eta Obieta, Ibarra eta Jado kaleak.
  • 12:00    Majareta Brass Band, Astrabuduko ibilbidean: Josu Murueta plaza, Lurberri kalea, Trabudu plaza, San Lorenzo kalea eta Mendiguren plaza.
  • 13:30    Barba Dixie Band, Altzagako ibilbidean: Irailaren 23a plaza, eta Obieta, Ibarra eta Jado kaleak.
  • 13:30    Poussez Pas Mémé, Astrabuduko ibilbidean: Josu Murueta plaza, Lurberri kalea, Trabudu plaza, San Lorenzo kalea eta Mendiguren plaza.
  • 19:00    Majareta Brass Band, Altzagako ibilbidean: Irailaren 23a plaza, eta Obieta, Ibarra eta Jado kaleak.
  • 19:00    Les Bizounours, Astrabuduko ibilbidean: Josu Murueta plaza, Lurberri kalea, Trabudu plaza, San Lorenzo kalea eta Mendiguren plaza.
  • 20:30    Poussez Pas Mémé, Altzagako ibilbidean: Irailaren 23a plaza, eta Obieta, Ibarra eta Jado kaleak.
  • 20:30    Barba Dixie Band, Astrabuduko ibilbidean: Josu Murueta plaza, Lurberri kalea, Trabudu plaza, San Lorenzo kalea eta Mendiguren plaza.

Irailak 16, domeka

  • 12:30    Rock’n Brass, Altzagako ibilbidean: Irailaren 23a plaza, eta Obieta, Ibarra eta Jado kaleak.
  • 12:30    The Farra Marching Band, Astrabuduko ibilbidean: Josu Murueta plaza, Lurberri kalea, Trabudu plaza, San Lorenzo kalea eta Mendiguren plaza.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun