Argentina eta Kubako inprobisatzaileek bertsolariakaz batera jardungo dute Erandion urriaren 10ean

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 18a, 12:36

Atzo aurkeztu zuten Iruñean Nazioarteko Inprobisatzaileen 2018ko Bira, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak elkarlanean sortutako ekimena. Tomasita Quiala kubatar repentistak eta Araceli Argüello payadore argentinarrak parte hartuko dute bertan, hainbat bertsolarigaz batera. Bigarren saioa izango da Erandiokoa.

"Mintzolak bertsolaritza mundura zabaltzeko eta beste nazioarteko kantu inprobisatuak ezagutarazteko lanean dihardu eta Lankuk proposamen berriak taularatzeko apustuak eginez; eta, sinergia horiek batuta gauzatuko da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira", azaldu zuen Julio Sotok Iruñeko aurkezpenean. Hantxe hasiko da bira, urriaren 9an, eta Erandion ez ezik Hernanin, Gasteizen, Baionan eta Donostian ere izango dira emanaldiak, urriaren 9tik 14ra, egunero.

Kubatik eta Argentinatik etorriko dira aurten nazioarteko ordezkariak. Alde batetik Tomasita Quiala repentista, "punto cubano" delakoaren adierazlerik garrantzitsuena gaur egun. Profesionala da aspalditik Quiala, baina beraren jarduna herri-mugimenduari lotuta dago oraindino hein handi batean. Gaztelaniaz kantatzen du, eta hainbat elementu afrikar daukan musika erabilita.

Araceli Argüello payadore gaztea (23 urte) izango da Amerikatik etorritako beste gonbidatua. Argentinan, Uruguain, Paraguain, Brasil hegoaldean eta Txilen egiten da payada (Txilen paya izena dauka) bat-bateko kantua, bakarka edo lehian, gitarrak lagunduta eta gaztelaniaz. Sarritan antolatzen dira payadoreen arteko topaketa eta jardunaldiak.

Bost bertsolarik kantatuko dute Quiala eta Argüellogaz batera, txandaka. Erandioko saioan, hain zuzen, Jone Uria algortarra eta Amets Arzallus izango dira euskal ordezkariak, eta Iker Iriartek egingo du gai-jartzaile lana. Antolatzailea, berriz, Erandioko Udala izango da. Merkatu Zaharra aretoan egingo da saioa, 19:00etatik aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun