Egunero lanuzteak egingo dituzte Erandioko Loramendi zahar-egoitzako langileek

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 18a, 17:09

Langileek egoitzaren aurrean egindako agerraldian iragarri dituzte lanuzteak. © LAB

Sanitas Loramendiko greba-batzordeak jakinarazi du egunero lau orduko lanuzteak egiten hasi zirela atzo, irailak 17, egoitzako garbiketa-taldeko langileek jasaten dituzten lan-baldintzengatik protestan. Mobilizazioari epe barik eutsiko diote momentuz.

Batzordearen esanetan, Loramendiko garbiketa-taldeak baldintza prekarioetan egin behar du lan, besteak beste lanaldi partzialagaz daudelako hamahiru langile, denak emakumeak. "Egoitzen sektorea guztiz feminizatuta dago eta horrexegatik baldintza are prekarioagoak dira", nabarmendu dute.

Grebalariak kexu dira azken urteetan egitekoak asko handitu dela, egoitzak gela berriak zabaldu dituelako besteak beste, baina hala ere zuezndaritzak ez diela % 100eko lanaldia ipini gura izan aipatutako baldintzetan dabiltzan beharginei. Ondorioz, langile horien osasunak kalteak jasan ditu, giharretako lesio eta guzti, zenbait kasutan ebakuntza egin behar izateraino.  

"Garbiketa-jardunaldiak % 100era igotzeko hobekuntza ekonomikoari uko egin diogu", azaldu dute gaur egindako elkarretaratzean, "gure aldarrikapenek ez dute zerikusirik alde ekonomikoarekin". Lanaldien iraupenari dagokionez diskriminazioak daborduko hamabost urte dirauela gaineratu dute, eta kritikatu egin  dute egoitzako zuzendaritzak konponbide bat lortzeko "inolako pausorik eman ez izana" eta "nagusikeriaz" jokatu izana.

Uztailean utzi zuten bertan behera ordura arte egiten zebiltzan greba, "lankide ebentualekiko errespetuagatik eta egoitzaren udako funtzionamendua kaotikoa izan ez zedin", esan dutenez. Baina irailean berriro lanuzteei ekingo zietela iragarri zuten. Aurrerantzean bina orduko lanuzte bi egingo dute egunero, bata goizean eta bestea iluntzean.

HIRUKA egoitzako zuzendaritzagaz harremanean jartzen ahalegindu da, baina ez du oraindino euren erantzunik lortu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun