Azken bolada honetan, gero eta putre gehiago dabiltza aireportuan. Saiek istripuak eragin dituzte bertan, azkenak maiatzean eta uztailean. Hori dela-eta, auzokideak, pilotuak eta EH Bildu kezkatuta agertu dira. Txorierriko alkateek ardura jaso eta urriaren 24an egingo dute bilera bat Madrilen, Trantsizio Ekologikoaren Espainiako Ministerioko arduradunakaz, alegia, lehen Ingurumen Ministerioa deitzen zeneko arduradunakaz.
Bileran, Uribe Kostako, Txorierriko zein Madrilgo ordezkariek egoera aztertuko dute, hau da, putreak zergatik agertu diren aireportuan. Gainera, Erandio, Sondika, Loiu, Derio, Zamudio eta Lezamako alkateek arazoa konpontzea eskatuko diete Espainiako Ministerioko lagunei. "Premiazko neurriak hartzea da gure lehentasuna, putre eta hegazkinen arteko talkak eta horiek sortzen dituzten arazoak ekiditeko. Hori bileran jakinaraziko diegu Ministeriokoei. Erakunde publikoen artean koordinazioa egon behar da, eta Ministerioak bere ardura hartu behar du", aurreratu dute alkateek.
Ildo horri jarraituz, azken hilabete hauetan, udal ordezkariek batzarrak antolatu dituzte AENA Estatuko merkataritza-sozietateko arduradunakaz, aireportuko zuzendaritza-taldeagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz. "Orain arte egin dugun moduan, Txorierriko udalok etengabe jarraituko dugu lanean, arazo hori konpontzeko. Arazoa konpontzeari dagokion erakundeek irtenbideak eta neurri zehatzak eskaini behar dizkigute, gure herritarren segurtasuna behar bezala bermatzeko", azaldu dute alkateek.