Festa Irailaren 23a plazan egingo dute, 10:30etik 14:30era. Euria egingo balu, jaia Jado Ikastetxera lekuz aldatuko lukete. Edozein kasuan, ekitaldian garrantzi berezia emango diete Umeen Eskubideei. Izan ere, gaur, irailaren 26an, 94 urte bete dira Umeen Eskubideen Gaineko Genevako Adierazpena onartu zenetik.
Erandioko Adikzioen Prebentziorako Batzordeak antolatu ditu hainbat jarduera jolasgarri eta animaziozkoak, "bizimodu osasuntsua eta ingurumenaren babesa sustatzeko eta alkoholdun edarien zein tabakoaren kontsumoa prebenitzeko". Hala, jolasak, tailerrak, puzgarriak, dantza-taldeen emanaldia, kalejira eta musika eta beste hainbat kontu gozagai izango dituzte hurbilduko direnek.
Autobusa
Joan-etorriak errazteko, autobus berezia jarriko dute, doan. Ibilbidea honako izango da: Astrabudua (osasun-zentroaren aurrean), Erandiogoikoa eta Altzaga (metroa). Ordutegia, ostera, honakoa izango da:
- Joateko: 09:30 / 10:15 / 11:00 / 11:45 / 12:30
- Itzultzeko: 13:15 / 14:00 / 14:45 / 15:30
Udalak erandioztar denei parte hartzeko gonbidapena helarazi die. Modu berean, boluntarioen kolaborazioa eskertu du, tartean honako taldeena: Astrabuduko Emakumeen Elkartea, Ausartzen, Bultzatzen, Erandioko Emakumeen Elkartea, Erandioko Herri Babesa, Erandioko Kabalgata, Erandioko Askotariko Kirol Elkartea, Erandioko Txirrindulariak, Erandioko Atletismo eskola, Etorkizunak sortzen, Gizarte Unamaz Alkartuak, Goi-Alde dantza-taldea, Gurari, Extremadurako Etxea, Lutxana Arraun Elkartea, Tratu Txarrak Jasotako Umeen Laguntzarako Euskal Elkartea (AVAIM), Uribe Aldeko Gazteen Gurutze Gorria, Trabudu dantzari-taldea eta Uztargi dantza-taldea.