Bizkaiko Foru Aldundiak Erandioko Kukularrako lotunea birmoldatzeko eraikuntza-proiektuaren bigarren fasea onartu du. Bigarren jarduketa hori maiatzean hasitako lehenengo fasearen osagarri izango da. Aurreneko fase horretan hainbat lan egiten dabiltza: errei bi, Avanzada-Kukularra adarraren azken zatian; Arrontegi-Kukularra adar berria, Avanzada-Arrontegi adarraren azpian; eta, azkenik, Avanzada-Kukularra adarra erabateko zabalpena.
Proiektuaren lizitaziorako aurrekontua 10.062.693 eurokoa da (BEZa barne), eta 21 hilabeteko epea aurreikusita dago obrak egiteko. Aurreikuspenen arabera, lanak lehen fasea amaitutakoan hasiko dira, maiatz inguruan.
Kukularrako lotunea eraberritzea "obra oso handia da", Aldundiaren ustean; horregatik, fase bitan banatu da. Fase biak daude sartuta Bizkaiko foru-errepideen sarea hobetu eta modernizatzeko Bidesarea Planaren bigarren biurtekoan. Jarduketa hori esker, "trafikoa arindu egingo da BI-637 eta N-637 errepideen arteko lotunean, Arrontegi-Enekuri-Erletxeta norabidean", Aldundiak iragarri duenez.
Lehenengo fasea
Lehenengo faseak N-637 errepideari baino ez dio eragiten; hala, mantendu egingo da oraingo trazadura, baina "nabarmen hobetuko da" Arrontegiren eta Asua eta Enekuriren arteko zirkulazioa. "Zehatz esateko, lanean gabiltza Enekuriko jaitsieraren azpian dagoen pasagunean hiru errei egiteko"; Kukularran, Deriorako noranzkoan, taula zabaldu eta lau errei izateko; eta Arrontegi-Kukularra adarrean errei bi egiteko. Azken lan horrek "Arrontegin lau errei egitea eskatzen du", foru-iturriek zabaldu dutenez, Asuarako irteeratik Kukularrarako irteeraraino. Denera, errepideko 2,3 kilometro hartuko dituzte obrek.