Ertzaintzak trafiko-istripuetako ikerketaren nazioarteko espezialistak batuko ditu Erandion

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 26a, 13:18
Jan de Kinder ENFSIko presidentea, erdian, 2016ko urtarrilean, Erandioko Ertzain-hirira egindako bisitan. IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Bihar eta etzi, eguenean eta barikuan, nazioarteko topaketa egingo du Erandioko ertzain-hirian Auzitegi Zientzietako Institutuen Europako Sarearen (ENFSI) barneko trafiko-istripuen ikerketan espezializatutako lantaldeak, Ertzaintzak antolatuta.

Lantaldeak urteko bilera egingo du, "Teknologia berriak eta trafiko-istripuen ikerketa" goiburupean. Hala, ikerketa kriminalaren esparru horren inguruko ezagutzak eta aurrerapenak partekatuko dituzte hogei auzitegi- eta polizia-profesional inguruk eta hainbat enpresa teknologikotako ordezkariek.

Bi egun horietan, Espainia, Frantzia, Kroazia, Lituania, Letonia, Errumania eta Georgiako adituek hartuko dute parte. Halaber, Euskal Herrian errepideko ezbeharrei buruzko ikerketak egiten dituzten Udaltzaingoak, Trafikoko Guardia Zibila, Mossos d`Esquadra polizia eta Nafarroako Foruzaingoa gonbidatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez, bileraren helburu nagusia da "auzitegi-laborategietako profesionalen eta enpresa teknologikoen arteko elkargunea izatea", forentseek eta poliziek errepideko istripuen ikerketan dituzten premiak eta enpresa horiek egin ditzaketen aurrerapenak aztertzeko.

Lehen eguneko goizean, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburuak inauguratuko du topaketa. Horretaz gainera, hainbat berbaldi eta erakustaldi egingo dira. Programaren lehen zati horretan, honako gai hauek landuko dira, besteak beste: atzetik joz gertatutako talkak berregiteko metodoak eta talka simulatzeko FE metodoa; 3D-ko modeloen sorkuntza automatikoa programa informatikorik aurreratuenakaz, edota ezbeharra izan duten ibilgailuen azterketa eta diagnosia.

Arrastian eta hurrengo egunean, berriz, aldez aurreko azalpen teorikoak praktikan aplikatzeko tailer bi jarriko dira abian. Halaber, hirugarren tailer batean, droneek mota horretako ikerketetan duten erabileraren inguruan Ertzaintzak jasotako esperientziaren berri emango da.

Jardunaldietan honako hizlari hauek izango dira, besteak beste: Lina Lizrenko, Lituaniako Auzitegi Zientzietako Zentrokoa eta ENFSIren Lantaldeko idazkaria; Jakub Zebala, Poloniako Auzitegi Ikerketako Institutukoa; eta Manuel Santos López ofizialordea eta Ertzaintzaren Ikerketa Kriminalaren Ataleko Istripuen Ikerketa eta Berreraikuntza Unitateko arduraduna.  Enpresen aldetik, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako FARO eta eCaptured3D, Kanarietako STIF edo Galiziako ISVko ordezkariek hartuko dute parte.

Ertzaintzaren parte-hartzea

Ertzaintzak Ikerketa Kriminalaren Ataleko Istripuen Ikerketa eta Berreraikuntza Unitatea dauka 2010. urteaz geroztik, eta Erandion du egoitza. Hiru ertzainez osatuta dago, eta López ofizialordea da burua. Oro har, hildako biko edo gehiagoko trafiko-istripuak edo autobusek izandako istripuak argitzeko lanetan jarduten dute, baina kasu konplexuetan eta zailtasun tekniko handia duten kasuetan ere parte hartzen dute. Halaber, peritu-txostenak egiten dituzte organo judizialek, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak, udaltzaingoek eta Ertzaintzak berak eskatuta. 2017. urteaz geroztik, atala ENFSI sarean sartuta dago, eta informazioa elkartrukatzeko zereginetan eta lan-bileretan parte hartu ohi du.

Lan hori egiteko, 3D-ko eskaner bat erabiltzen dute beste zenbait tresnaren artean. Eskaner horrek ezbeharraren lekuko informazio bisuala eta simulaziorako software espezifikoa eskaintzen du. 2017. urtean, hogei ikerketa inguru egin zituzten, eta 2018an, berriz, 18, orain arte.

Aurten ikertu diren kasuen artean, apirilean Bilboko Erribera auzoan gertatutako harrapatze bat dago. Polizia-ikuspegitik, giza hilketa baten ahalegina izan da. Ertzaintzaren atal horrek, halaber, joan den uztailean Asparrenan (Araba) N-1 errepidearen ondoan aurkitutako gorpu baten inguruan gertatutakoa berregin zuen modu bideografikoan. Taldeak esku hartu duen kasurik garrantzitsuenetako bat emakume baten hilketa da, 2015ean Bilboko Abusu auzoan gertatutakoa. Krimen horretan, biktima bizilekuan jo zuten lehenik eta behin, eta gero harrapatu egin zuten auto batekin, istripu bat antzeratzeko asmoz. Aldi hartan, Ertzaintzaren taldeak drone bat erabili zuen gertakariak ahalik eta modurik fidagarrienean erreproduzitzeko. Ikerketaren emaitza epaiketan aurkeztu zen, eta akusatua kondenatu egin zuten.

Hain zuzen ere, ezbeharraren lekua droneen bidez eskaneatzeko eta hiru dimentsiotan berregiteko aukera eta auto autonomoen inguruko legezko erantzukizuna aztertuko dira foroan, besteak beste.

ENFSIren helburuak

Auzitegi Zientzietako Institutuen Europako Sarea (ENFSI) Europako 36 herrialdeko 64 auzitegi- eta polizia-laborategi koordinatzen dituen erakundea da.

Ertzaintza sare horretako kidea da 2006. urteaz geroztik, urteko bilera antolatu zuen Bilbon duela urte bi, eta 2020. urterako Auzitegi Zientzien Europako Esparrua abian ipintzeko aukera aztertu zen topaketa batean parte hartu zuen Berlinen. 2017ko maiatzean, ENFSIren barruan krimenaren lekuan espezializatutako lantaldearen topaketa antolatu zuen Ertzaintzak Bilbon, eta 60 espezialistak hartu zuten parte.

ENFSI sarea ospe handiko erakundea da mundu osoan auzitegi-zientziaren eremuan, eta auzitegi-zientziaren esparruko ezagutzak partekatzea, esperientziak elkartrukatzea eta akordioak lortzea du helburu. Ildo horretan, nazioarteko jardunbide eta estandarrik onenak betetzera bultzatzen ditu laborategi guztiak, kalitatea eta konpetentzia ziurtatzeko. Sarearen barruan, hainbat lantalde ezarri dira espezialitateen arabera: DNA, dokumentuak, drogak, lehergailuak, hatz-markak, su-armak, suteen eta leherketen inguruko ikerketak, auzitegi-informazioaren teknologiak, audio-analisia, grafistika, aztarnak, begizko ikuskapenak, pinturen, beiraren, zuntzen eta ileen analisia, irudi digitala eta landare eta lurzoruen analisia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun