Kontsumitzaileek gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dituzte bonuak, urriaren 31ra arte edo 3.000 txartelak agortu arte. Epe bera izango dute horiek dendetan eta enpresatan erabiltzeko; denera, Altzagako eta Astrabuduko 84 lokaletan trukatu ahal izango dira. Denda horiek kanpainaren biniloa ageriko lekuan erakutsiko dute.
Bonu bakoitza 15 euroan eros daiteke, edozein finantza erakundeko kreditu-txartela erabiliz; gehienez jota, kontsumitzaile bakoitzak hiru bonu eskuratu ahal izango ditu. Bonua ezin izango da aldatu edo bueltatu eta erosketa bakoitzean bana erabili ahal izango da. Erandioko Udalak gogorarazi duenez, egingo den erosketaren balioa 20 eurora iritsi ezean, "dendariak ez du gainerakoa eskudirutan itzultzeko derrigortasunik izango".