Urriaren 12ra arte eman daiteke izena Erandioko Emakumeen Jabekuntza Eskolako lehen ikastaroan

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 4a, 10:28
Autodefentsa feministako ikastaro bat, artxibo irudian. © BELDUR BARIK - EMAKUNDE

Datorren urriaren 17an, bosgarren ikasturteari ekingo dio Erandioko Emakumeen Jabekuntza Eskolak, datorren urteko ekainaren 7ra arte.

Erandioko Udal Berdintasun Zerbitzuak zazpi ikastaro antolatu ditu oraingoan, denak doan; honakoak dira gaiak: pelbis-zorua indartzea, literatura, nork bere burua maitatzea, autodefentsa feminista, lana bilatzeko adimen emozionala, dantza, eta amatasunaren gaineko hausnarketa. Euskaraz tailer bakarra egingo dute: autodefentsa feministakoa, Altzagan; gaztelaniaz ere egingo dute ikastaro hori, Astrabuduan.

Antolatzaileen arabera, "topaketa, irakaspen eta aliantzak egiteko urteak izan dira udalerriko emakumeentzat, eta banakako zein taldeko jabekuntza-prozesuetarako tresnak aurkitzeko gunea aurkitu dute Eskolan". Hala, uste dute irakasleen zein ikasleen ekarpenei esker, "erreferentziazko gune" bihurtzeko bidean dela Jabekuntza Eskola, "hausnarketa, eraldaketa, eztabaida eta proposamen kolektiboak egiteko leku sinbolikoa, betiere jendarte justu, askotariko eta parekideagoa lortzeko asmoz". Bide horretan, askotariko trebakuntza-eskaintza egin dutela azaldu dute: “literatura- edota dantza- diziplinetan sakontzeko aukera emango diguna, besteak beste”. Halaber, nabarmendu dute “autodefentsa zein amatasun kritikoagoa bizitzeko” aukera izango dela, lana bilatzeko tresnak ikasteaz gainera. Bestalde, “oinarri feministatik abiatuta elkarri entzuteko eta laguntzeko espazio bat sortuko dugu”, iragarri dute, “baita gorputzaren zaintza eta sexu-osasuna lantzeko beste bat ere”.

Zazpi ikastaroetatik bost Altzagan izango dira (bi Erandioko emakumeen elkartearen lokalean, beste bi Tartanga kiroldegian, eta bakarra Bekoa ikastetxean), beste bi Astrabuduan (Astrabuduko kiroldegian eta Josu Muruetan, bana) eta bakarra Erandiogoikoko Gizarte Etxean.

Izen-ematea zabalik, ikasturte osoan

Izen-ematea daborduko zabalik dago eta gura den ikastaroa hasi baino bost egun lehenagora arte egin ahal izango da; hala, lehenengo tailerrean, "Pelbis-zorua indartzea" ikastaroan, urriaren 12ra arte dago izena emateko aukera. Tailer denetan lekuak mugatuak direnez, izena emandakoen ordena errespetatuko da. Dena den, Erandion erroldatutakoek lehentasuna izango dute, eta jasoko diren eskakizunen arabera, lekuak zozketatzeko beharra baloratuko dute. Inskripzioa posta elektronikoz egin daiteke, mezu bat berdintasuna@erandio.eus helbidera igorriz. Modu berean, zuzenean pasa daiteke honako lekuetatik: Altzagan, Berdintasun Zerbitzutik, Bekoa ikastetxean, eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ); Erandiogoikoan, Gizarte Etxetik, 16:00etatik 21:00etara; eta Astrabuduko HAZen. Edozein zalantza izanez gero, Berdintasun Zerbitzura jo daiteke.

Lekua lortu eta joateko aukerarik ez izatekotan, ikastaroa hasi baino bost egun lehenago horren berri eman beharra dagoela ohartarazi dute antolatzaileek. Bestela, "inskribatu den beste ikastaroetara joateko eskubidea galduko du pertsona horrek", aurreratu dutenez.

Ikastaroek iraun bitartean, haurtzaindegi-zerbitzua izango da, bi eta hamar urte bitarteko umeentzat, beti ere ikastaroa hasi baino bost egun lehenago eskatuz gero. Horretarako, nahikoa izango da 944 175 616 telefonora deitzea edo berdintasuna@erandio.eus posta elektronikora idaztea.

Ikastaroetara joateko Erandio Busa erabil daitekeela gogorarazi du Berdintasun Zerbitzuak. Altzaga-Astrabudua-Erandiogoikoa linea horren ordutegia Erandiobusa.com webgunean edo 901 101 366 telefonoan aurki daitezke.

Egitaraua

Urriaren 17tik aurrera

Pelbis-zorua indartzea: 18 ordukoa, gaztelaniaz. Prestatzaileak: Aída García, Saioa Hernández eta Isabel Relancio. Lekua: Erandiogoikoko Gizarte Etxea. Saioak: eguaztenetan; urriak 17, 24 eta 31; azaroak 7, 14, 21 eta 28; eta abenduak 5 eta 12. Ordutegia: 18:50-20:50.

Barne pelbis-zoruaren gaineko gauza gehiago jakin gura duten emakume denei zuzenduta dago tailer hori. Horretarako, hainbat ariketa egiten ikasi eta landuko dituzte, gorputz-eremu horren gaineko kontzientzia areagotzearren. Eta hartara, zenbait disfuntzio (pixa-ihesak, mina, barruko organoak jaistea...) prebenituko dituzte. Eguneroko bizitzarako prebentzio-gomendioak emango dituzte, baita erabateko sexu-osasuna izateko ere.

Urriaren 18tik aurrera

Geure buruak maitatzen ikasten: 52 ordukoa, gaztelaniaz. Prestatzaileak: Itziar Gandía eta Inma Merino. Lekua: Erandioko emakumeen elkartearen lokala. Saioak, eguenetan, urriaren 18tik abenduaren 14ra (jaieguna azaroak 1 eta abenduak 6), urtarrilaren 10etik apirilaren 11ra, eta maiatzaren 2tik 30era arte. Ordutegia: 10:00-12:00.

Astero elkartuko den babes-taldea da, gelditzeko, bakoitzak bere buruagaz konektatzeko eta norberak dituen beharrak entzuteko asmoz: beldurrak, blokeoak, krisialdiak, zailtasunak harremanetan, doluak, antsietatea, gogo eza... Gorputza, emozioak eta sinesmenak zainduko dituzte, balio ez diena alde batera uzteko eta aldaketa-aukerei eta gauza berriei irekitzeko. Espazio horretan talde batera errotu ahal izango dira, besteek lagunduta hazi ahal izateko.

Azaroaren 23tik aurrera

Autodefentsa feminista: 8 ordukoa, euskaraz. Prestatzailea: Rebeca Maestro Watson. Lekua: Altzagako kiroldegia. Saioak, barikuetan; azaroak 23 eta 30. Ordutegia: 16:00- 20:00.

Indarkeria matxistek eragindako eraso edo diskriminazio egoerak identifikatu eta horiei aurre egiteko estrategia indibidual eta kolektiboak landuko dituzte. Norberaren beharrak entzun eta mugak ipintzen ikasiko dute, bakoitzaren gaitasunak landuz eta barneko indarragaz konektatuz. Emakumeen arteko elkartasunean oinarritutako espazio seguru bat sortuko dute emozioak eta autoestima lantzeko.

Urtarrilaren 10etik aurrera

Literatura maitea: 40 ordukoa, gaztelaniaz. Prestatzailea: Garazi Albizua. Lekua: Erandioko emakumeen elkartearen lokala. Saioak, eguenetan; urtarrilak 10, 17, 24 eta 31; otsailak 7, 14, 21 eta 28;
martxoak 7, 14, 21 eta 28; apirilak 11 eta 25; maiatzak 2, 9, 16, 23 eta 30; eta ekainak 6. Ordutegia: 18:00-20:00.

Tailerrak bi helburu nagusi ditu: batetik, emakumeek literaturan izandako eginkizuna ezagutzea, eta, bestetik, denen artean emakumeen literatura-kontzientzia eraikitzea. Horrela, mundua ikusteko euren moduaz jabetu eta bere garrantziaz eta bertan duten lekuaz ohartuko dira. Literatura-lan ezberdinak irakurriko dituzte: batzuetan, egilearen obratik ateratako eta behar bezala testuinguruan jarritako zati bat, eta, beste batzuetan, kontakizun edo mikrokontakizun bat. Garai eta estilo ezberdineko irakurketak tartekatuko dituzte, literatura-panoramaren ikuspegi zabala eskaini ahal izateko.

Urtarrilaren 11tik aurrera

Otsoemeegaz dantzan (dantza-mugimenduzko terapia eta dantza-sortzailea): 18 ordukoa, gaztelaniaz. Prestatzaileak: Maitane Ibernia eta Maika Campo. Lekua: Altzagako kiroldegia. Saioak: barikuetan; urtarrilak 11, 18 eta 25; otsailak 1, 8, 15 eta 22; martxoak 1, 15, 22 eta 29; eta apirilak 5. Ordutegia: 18:00-19:30.

Funtsezkoa da emakumeek ahaztutako gorputzagaz berraurkitzea. Ikastaro horrek, dantza eta mugimendua oinarri izanda, euren gorputzek dituzten aukera eta baliabide askatzaileak uztartzeko aukera paregabea eskainiko dute.

Urtarrilaren 22tik aurrera

Lana bilatzeko edota lanez aldatzeko adimen emozionala: 18 ordukoa, gaztelaniaz. Prestatzailea: Mertxe Arratibel (Kiribil Coaching). Lekua: Behargintza, Bekoa Ikastetxean. Saioak, martitzenetan; urtarrilak 22 eta 29; otsailak 5, 12, 19 eta 26. Ordutegia: 9:30-12:30.

Gaur egun, lana lortzeko eskakizunak ez dira agiri akademikoetara edota lan-esperientziara mugatzen. Hautagaiei eskatzen zaie euren buruengan konfiantza, ekimena, autoestima, motibazioa eta lidergoa, hain zuzen ere ahalduntzen duten gaitasunak eta emakumeei askotan erakusten ez zaizkienak. Ikastaro horrek gabezia horiek orekatzea du helburu, parte-hartzaileek lan-arloan euren konpetentzia eta harremanak hobetzeko.

Urtarrilaren 25etik aurrera

Amentzako kafea: 15 ordukoa, gaztelaniaz. Prestatzailea: Silvia Allende Eslava. Lekua: Josu Murueta kultur etxeko gela urdina. Saioak, barikuetan; urtarrilak 25; otsailak 8; martxoak 22; apirilak 5; maiatzak 17; eta ekainak 7. Ordutegia: 17:00-19:30.

Ikastaro horretan amatasunen gainean berba egingo dute, euren banakako esperientziatik abiatuta (ama, alaba edo amama gisa), baina baita gai ideologiko, kultural eta politikoa den aldetik ere. Amen gainean jardungo dute, barrutik eta kanpotik. Lan egingo dute elkarri entzunez, geldituz, denbora eta espazioa utziz euren gorputz eta nahiei, baita euren akatsei eta jakin-minari ere. Eramangarriagoak, errealistagoak eta kritikoagoak diren amatasunak imajinatuko dituzten. Bakoitzak gura nahi duen ama (alaba, amama edo ez ama) izan dadin saiatuko dira.

Martxoaren 29tik aurrera

Autodefentsa feminista: 8 ordukoa, gaztelaniaz. Prestatzailea: Isa Bernal. Lekua: Astrabuduko kiroldegia. Saioak, barikuetan; martxoak 29 eta apirilak 5. Ordutegia: 16:00- 20:00.

Indarkeria matxistek eragindako eraso edo diskriminazio egoerak identifikatu eta horiei aurre egiteko estrategia indibidual eta kolektiboak landuko dituzte. Norberaren beharrak entzun eta mugak ipintzen ikasiko dute, bakoitzaren gaitasunak landuz eta barneko indarragaz konektatuz. Emakumeen arteko elkartasunean oinarritutako espazio seguru bat sortuko dute emozioak eta autoestima lantzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun