Ekimena goizeko 9:00etan egin zuten, Kubo eraikineko areto nagusian; Euskaraldiaren nondik norakoak azaldu zituzten: zer den, zein den helburua, noiz izango den, zer den Hamaikakoa, zer den Ahobizi eta Belarriprest, nola eman daitekeen izena Euskaraldian parte hartzeko, eta abar.
Aurkezpena amaituta, Segurtasun Saila eta Ertzaintza Euskaraldian ordezkatuko duen Hamaikakoa aurkeztu dute kanpoaldean, talde-argazki baten bidez. Hamaika pertsona horiek konpromisoa hartu dute ekimenak irauten duen bitartean euskara gehiago erabiltzeko. Honako hauek osatzen dute gure Hamaikakoa: Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Ana Agirre Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea, Ana Reka Kabineteko zuzendaria, Julian Beloki Komunikazio zuzendaria, Jorge Aldekoa Ertzaintzaren burua, Pello Flores Gipuzkoako Herritarren Babeseko burua, eta Jon Agirre, Beatriz Anitua, Mari Luz Palacio eta Joseba Izagirre Segurtasun Saileko langileak.
11 egun euskaraz
Euskaraldia ariketa soziala da, pertsonala eta boluntarioa; bere helburua da euskaltzaleak aktibatu eta hizkuntza-ohiturak aldatzea. Euskal Herriko hainbat elkartek urteetan landutako "Euskarak 365 egun" lan-ildoaren barruan dago, eta mugarri bi ditu: euskal hiztunen aktibazioa eta euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea. Horretarako, "11 egun euskaraz" saioa egingo dute 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskal Herriko herri eta auzo gehienetan, etxean, kalean eta lanean. Uribe Kostan, udalerri denetan egingo dute, Barrikan izan ezik.
Ekimenean parte hartu ahal izango dute euskaraz ulertzen duten 16 urtetik gorako herritarrek, Ahobizi edo Belarriprest rolen bidez. Ahobizi izango dira ulertzen duten pertsona denei euskaraz berba egiten dieten lagunak eta ezagutzen ez dituzten pertsonei lehen hitza euskaraz egingo dietenak; Belarriprest, ostera, gutxienez euskaraz ulertzen duten kideak, gainontzekoei euskaraz jarduteko gonbidapena egiten dietenak, alegia.
Izen-ematea
Euskaraldian izena emateko eta informazio dena lortzeko hainbat helbide dago. Getxon, Getxoztarrak.eus erabiltzen dabiltza; eskualdeko bestelako herrietan, ostera, Euskaraldiaren webguneko izena emateko formularioa darabilte; halere, Eusko Jaurlaritzako langileek formulario propioa daukate.