Takolos irrati-klubak antolatutako gastronomia-lehia goizeko 09:00etan hasiko da. Ordu horretan zabalduko dute izen-ematea Astrabuduko Josu Murueta plazan, 10:00ak arte. Hortik aurrera, bakoitzak aukeratuko du indabak non egingo dituen, Astrabuduko kale edo plazaren batean bada. Aurreko urteotan, Josu Murueta plazaz gainera, Etxegorri, Lurberri, Meso eta Bilboko kontsuletxe kaleetan egin da lehiaketa.
Hala, eltzeak berotu eta babak bor-bor ipini ondoren, 12:30ak eta 13:00ak bitartean izango da gutiziak aurkezteko unea. Irabazleak nortzuk diren jakingo da 18:00etan, sari-banaketan. Saririk garrantzitsuena txapela, garaikurra eta 250 eurokoa izango da. Erandioko sukaldaririk onenek ere sariak izango dituzte.
Iaz, bosgarren edizioa ez zutela antolatuko abisatu zuten maiatzean Takolos elkarteko kide batzuek, Udalagaz eta hainbat pertsonakaz izandako arazoengatik. Azkenean, bosgarren edizioa bapo ospatu zuten.