Astrabuduko hezegunea Udondo ibaiaren alde bietan dago, Leioako eta Erandioko udalerrietan eta 6,5 hektareako superfiziea dauka. Hezegunea EAEko Hezeguneen Lurralde Plangintza Sektorialaren (LPS) barruan dago, nolabaiteko babes-maila ematen diona. Halere, bere egoera aspaldidanik ez da ona.
Bertako flora eta fauna inbentariatu zuen azken txostena 1997an egin zen, Lópezek HIRUKAri azaldu dionez. Grama SA enpresak egindako azterketan, topatu zituzten 50 landare baino gehiago eta 51 hegazti-, 18 ugaztun-, 8 narrasti-, 6 arrain- eta 5 anfibio-espezie. Aipagarria da espezie batzuen presentzia: arrain hiruarantza, espezie kaltebera gisa onartutakoa EAEko Espezie Mehatxuen Katalogoan; eta abozeta, zertzeta, errege-kurlinta eta txilinporta arrunta, espezie arrarotzat jota daudenak. Halere, denera, bertako 13 espezie daude mehatxu-mailaren batean.
Bestalde, txostenak ohartarazi zuen baieztatu beharra zegoela desagertzeko zorian dagoen ur-ipurtatsa edo bisoi europarraren presentzia. Modu berean, txostenak nabarmendu zuen Astrabuduko hezeguneak erakar dezakeela benarriz arrunta; desagertzeko arriskuan den hegazti horrek erreproduzitzeko behar dituen baldintzak bertan ematen dira, hezegune gehienetan ez bezala. Garrantzi handia eman dio horri Lópezek: "hezegunea bilakatu daiteke fauna berreskuratzeko gune bat, Europan desagertzeko bidean dauden hainbat espezie berreskuratzeko. Niri oso interesgarria iruditzen zait".
Hiru faseak
"Alderdi sozialistakook urte piloa daroagu proposatzen hezegunea berreskura dezagun", gogorarazi du Lópezek, berreskuratzea berarentzat zertan datzan azaltzeagaz batera: "hezegunea pertsonen gozamenerako ipintzeko asmoa dugu, fauna eta flora babesten diren bitartean".
Erandioko PSE-EEren ustean hiru pauso eman behar dituzte administrazioek Astrabuduko hezegunea Erandioko zatian berreskuratzeko: lurraren titulartasuna edo lagapena lortzea; flora eta fauna inbentariatzea eta egoeraren eta babeserako neurrien gaineko txosten berritua egitea; eta, azkenik, txostenak aginduko duenari kasu eginez, hezegunea garbitu, hezkuntza-panelak ezarri eta auzokideentzako pasealekuak egokitzea.
Halere, ohartarazi dute zinegotzi sozialistek, kontua ez da dirudien bezain erraza, batez ere lurren jabegoari edo lagapenari dagokionez. Hezegunean lursail pribatuak eta publikoak daude eta azken horien barruan, hezegunearen zati bat Bilboko Udalarena da, Erandio desanexionatu zenean, Bilbok Erandio udalerriko hainbat lursailekaz geratu baitzen. "Lur pribatuaren gainean ezin dugu jardun, baina bai zati publikoan", nabarmendu du Lópezek. Hala, Bilboko Udalagaz daborduko negoziazioak ireki ditu Erandioko PSE-EEk, Gonzálezek jakinarazi duenez: "ni egon naiz Bilboko arduradunakaz berba egiten. Euren asmoa da lagatzea hezegune hori, eta beste bi lursail, Kukularran eta Sanpablomendin. Negoziazioak geratu ziren, gure alderdiaz aparte EAJ ere inplikatu beharra zegoelako; akordio batera iristeko asmoa egon badago. Badirudi akordio hori erraza dela, gutxienez Bilboren aldetik, baina gaur egun ez dakigu ezer berririk. Zer edo zer egiten dabiltzalakoan gaude".
López ere baikorra da puntu horri dagokionez, "etorkizunean, espero dugu hemendik ez oso luzera, ikusiko dugu zelan besterendu daitezkeen lur horiek; agian, ezin izango da jabetza eskuz aldatu, baina bai lurra laga. Azken finean, babestutako lursailak dira, bertan ez dago eraikitzerik, argi eta garbi. Baina, behar dugu lagapen hori, udal-lursailaren gainean jardun ahal izateko eta esku-hartze integralagoa egiteko".
Ikerketa berria
Arazo hori konpontzekotan, bigarren faseari ekingo liokete sozialistek, hezegunearen gaur egungo egoera zein den eta balizko alternatibak ezagutzeko. Izan ere, orain arte egin den azken txostena 2011ko maiatzekoa da. Baina Azti Tecnaliak URA Uraren Euskal Agentziarentzat egindako txosten horretako datu nagusiak 1997ko Grama SA enpresak egindako azterketakoak ziren. Ordudanik ez da egin hezeguneko fauna eta floraren inbentario berririk. "Argi dagoenez, 2018an gaude. 21 urte pasatu dira. Urte horietan guztietan zerbaitetan aldatuko zen hezegunean diren landareen eta animalien garapena. Udalaren esku-hartze bat egiteko bidean, 2011ko txostenak oinarri gisa erabiltzeko izan dezakeen kalitatea, hutsaren hurrengoa da", Lópezen arabera.
2017ko aurrekontu parte-hartzaileak idazteko inkestan sartu zuten hezegunearen gaian, baina ez zen udal-aurrekontuetara heldu. Halere, Jorge Gonzálezek zehaztu duenez, partida ekonomiko txiki bat ezarri zen, ikerketa bat egiteko, "baina azterketa hori geldi dago, oraindino ez da egin", besteak beste Bilboko Udalarekiko hitzarmena oraindino ez dagoelako eginda.
Bigarren fasean ere, "ekosistema txiki horren" babeserako zer neurriak hartu beharko liratekeen jaso beharko luke txosten batek. Zinegotzi sozialisten arabera, "neurri horiek aurrera eroan eta gunea garbitu ostean, gure ideia litzateke akabuan pasealekuak eratzea". Dena den, argi utzi dute esku-hartzea leku horretan ez dela "hain erraza" izango, Udondoko ibai-ertza Hezeguneen Lurralde Plangintza Sektorialaren dagoelako.
PSE-EEko kideek pasealeku batzuk egin gura dituzte Astrabuduko hezegunean, egoteko eta paseatzeko. Berdegune moduan erabiltzeaz gainera, nahi dute hezegunea "auzokideek erabil eta goza dezaketen zerbaitetan bilakatzea"; hezkuntza-balioa ere eman dakioke, euren ustean: "Hezkuntza-panelak ezar daitezke, hezegunea zer den eta bertako egoera azaltzeko: zergatik merezi duen hura babestea eta zeintzuk diren bertan bizi diren landare eta animaliak". Lópezen iritziz, jende askok ez daki zer den hezegune bat "edo zergatik ez dugun ezabatzen eta bere ordez porlana ipini". Modu berean, uste du badagoela beste jende-multzo bat "hezeguneak daukan balioa azaldu arren baztertzen duena balio horiek ez dituelako partekatzen. Esku-hartze horiek egingo bagenitu, populazio orokorra ez ezik kontzientziatuko genituzke pertsona txikienak ere, neska-mutilak ere, hori mantentzearen garrantziaz. Eta espero dezagun etorkizunean jarduera zabalagoa egin ahal izatea".
Hiru faseak bukatuta, Leioako Udalagaz elkarlanean jarduteko aukera zabaltzearen aldekoak dira López eta González: "hori litzateke egokiena".