Ingurumena  Erandio 2018-11-12 20:52

Erandion 1969an kutsadura salatzeko protestan poliziak hildako bi herritarrak omendu dituzte

Argia.eus

1969an poliziak modu basatian zanpatu zituen Bizkaiko Erandion orduan han bizi zuten kutsadura larriagatik herritarrek antolatu zituzten protestak: kaleko manifestazio baketsu haien inguruan bi pertsona tiroz hil zituen polizia frankistak. Gertakizuna berriro gogora ekarri zituzten Erandion igandean, 11, omenaldia eskaini zitzaien Anton Fernandez eta Josu Muruetari eta "Egia, Justizia, Erreparazioa eta berriro ez gertatzeko Bermeak" eskatu zituzten.

Erandion 1969an kutsadura salatzeko protestan poliziak hildako bi herritarrak omendu dituzte
© SARE ANTIFAXISTA | Ikusi handiago | Argazki originala

1969ko urrian Erandioko herritarrak kalera atera ziren herrian arnastu ere ezin zitekeelako. Sare Antifaxistak kontatu duenez, "garai hartan Erandion zenbait egunetan kalera ateratzeko ahoa eta sudurra estalita atera beharra zegoen, eskegitako arropak kolore horixka hartzen zuen, eta gune industrialera gehiegi hurbilduz gero, emakumezkoek zerabiltzaten galtzerdiak erre egiten ziren. 1968an, Anton Fernández eta Josu Murueta hil baino urte bete lehenago, Bilbo Handiko eztarriko minbizi tasa Estatuko altuena zen. Hura arnasteko eta bizitzeko benetako borroka bilakatu zen".

Egoeragatik protesta egiteko jendea bildu zelarik, urriaren 28an, polizia frankistak tiro egin eta bala batek Anton Fernández jo zuen, eta 15 egun koman egon eta gero hil egin zen. Egun horietan zehar polizia batek bere gela zelatatu zuen.

Hurrengo egunean Josu Muruetak, beste hamaika herritarrek bezala, bat egin zuen Antonen heriotza salatzeko grebarekin eta Josu ere bala batek sabelaldean jo eta hil egin zuen. Ospitaleak gainera, egun batzuk geroago, emazteari deitu zion jasotako osasun zaintzaren gastuak erreklamatuz.

Egun batzuk geroago, epaiketa militar bat burutu zen, baina ez zen ezertan gelditu. Ez zen azalpenik egon. Parte hartu zuten agenteen ardurarik ez zen garbitu, ezta tiro egiteko agindua eman zutenena ere, kasua itxi egin zen besterik gabe. Istriputzat jo zuten… Lur-emateak ere tanketek eta zaldizko guardia zibilek zelatatuak izan ziren. 

Gertakizun haiek berriro gogora ekarri zituzten Erandion igandean, 11, omenaldia eskaini zitzaien Anton Fernandez eta Josu Muruetari eta "Egia, Justizia, Erreparazioa eta berriro ez gertatzeko Bermeak" eskatu zituzten: "Zer gertatu zen jakin nahi dugu, errudunek haien ardurak beraien gain har ditzatela, eta Anton biktimatzat aitor dezatela, izan ere ezin baita lehen eta bigarren mailako biktimarik egon, izan ere ordua delako eta justizia egin behar delako".

"Gabarra baltza" dokumentalak laburbilduta dauka 1969an Erandion gertatua, kutsadura itzela, hura salatu eta konpontzeko borroka eta herritarren gainera Carmen Lekerika alkatea buru agintariek jaurtitako errepresio basatia.

Albiste hau Argiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa