Bavariako Poliziak eta Ertzaintzak etxebizitzetako lapurretak aztertu dituzte batera, Erandion

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 22a, 14:44
Polizia-topaketaren irudi bat. © ERTZAINTZA

Bavariako Poliziako eta Ertzaintzako ordezkariak Erandion bildu ziren joan diren martitzen eta eguaztenean, elkartrukatzeko etxebizitzetako lapurretak ikertzean metatutako esperientziak eta jakintzak.

Aste honetan egindako topaketa sartzen da Polizia biek darabiltzan lankidetzaren barruan, 1995. urtean sinatutako hitzarmenagaz hasi zena. Bavariako Poliziak Alejandro Rivera eta Winfried Kotschenreuther ikertzaileak bidali zituen Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusira, eta horiei harrera egin zieten Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak eta Jose María Yurrebaso Ikerketa Kriminalaren Ataleko buruak. Horiez gainera, Ertzaintzaren ikerketako lurralde-zerbitzuetako eta Bilboko, Donostiko eta Gasteizko ikerketa-taldeetako bost agentek parte hartu zuten topaketan.

Martitzenean, poliziek partekatu zituzten etxebizitzetan indarra erabiliz egindako erasoakaz lotzen diren ikerketa-prozedurak eta -teknikak. Hala, lapurreta-modalitate berrien analisia egin zuten, batez ere talde antolatuek egiten dituzten lapurretenak.

Eguaztenean, jabetzaren aurkako delituen ataleko Bavariako poliziek euren polizia-kideagoaren aurkezpen orokorra egin zuten eta, ondoren, Bavarian etxebizitzetako lapurreta-delituetan izan den bilakaera aztertu zuten. Azkenik, jakinarazi zuten mota horretako erasoetan espezializatutako talde kriminal baten aurka berriki egindako operazio bat. Horrez gainera, agenteek Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko unitatea bisitatu zuten.

Ertzaintzak eta Bavariako Poliziak lankidetza-hitzarmena izenpetu zuten 1995ean, eta 2017ko apirilean berritu zuten lankidetza-agiri hori. Bavariako Polizia ia 42.000 agentek osatzen dute, eta 13 milioi pertsonako biztanleriaren segurtasuna zaintzen du.

Elkarlanaren barruan sartzen dira Erandion egin berri dituzten moduko elkartrukeak. Berbarako, aurten Ertzaintzako ordezkaritza batek Bavariako Poliziaren koordinazio-zentroa bisitatu du, baita prestakuntza-zentro bi ere, bata oinarrizko eskalara zuzendua eta bestea espezializazioetara eta igoeretara. Datorren urterako, esku hartzeko,lehergaietako eta eskoltetako espezialisten topaketak antolatuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun