Hala, bigarren aldia izango da Lutxanako klubak estropada hori burutuko duena. Oraingoan traineru-kopurua bikoiztu dute, bitik laura igarota; honakoak izango dira eskifaiak: Getxo, Lutxana, Bizkaiko konbinatua eta Euskadiko arraun-selekzioa. Azken traineru bi horietan parte hartuko dute Raspas, Santurtzi eta Deustu klubetako kideek, besteak beste.
Aurten, lehiakideek 4.750 metro egin beharko dituzte, aurreko edizioan baino ia 1.000 metro gutxiago, "Zorrotzaurreko kanalean egiten dabiltza obrengatik", Félix Blanco Lutxana Arraun Elkarteko zuzendaritza-kideak azaldu duenez.
Proba horren helburua da emakumeari garrantzia ematea arraunean eta kirolean, oro har. Hala, Lutxanako klubaren Berdintasun Planeko ekimenetako bat da.
Egun osoko aldarrikapena eta festa
Eguna goizeko 10:00etan hasiko da, Altzagako merkatu zaharrean, arraun-elkarteko bazkideen ez ohiko batzar nagusiagaz. Ondoren, 10:30ak aldera, klubak bere Berdintasun Planaren berri emango du jendaurrean, leku berean. Horren ostean, 2019ko denboraldirako taldeak aurkeztuko dituzte, argazkiak ateratzeagaz batera.
11:00etatik aurrera, tailer bi emango dituzte Altzagako merkatu zaharrean ere: "Nuevas masculinidades bogando hacia la igualdad. Stop violencias machistas" eta autodefentsa feministako tailerra. Azken hori 12:30ean hasiko da.
Ondoren, elkartasun-bazkaria egingo dute. Bilduko den dirua La Cuadri del Hospi elkarteari emango diote. Bazkalostean, 16:00ak aldera, ontziralekuraino joango dira, kalejiran. izan ere, 16:08an hasiko da estropada, Olabeagatik. Hala, 16:30ean, estropada amaituta kalejira eta poteoa egingo dute, 18:30era arte. Ordu horretan, arraunlariei harrera egingo diete merkatu zaharrean, Puro Luegok eta La Basuk kontzertua eman aurretik. Jardunaldia Ainhoa Zurinaga Lutxana arraun-elkarteko presidenteak eta Txema Montoya telebista-aurkezleak gidatuko dute.