Ekimena Altzagako azoka zaharrean izango da, astelehenean, goizeko 09:30etik 11:30era, Julian Iantzi telebista-aurkezleak dinamizatuta. Urtero legez, Erandioko euskaltzaleak eta euskara ikasleak euskaraz berba egin eta lagun berriak ezagutzeko elkartuko dira; gainera, aurten bat egingo dute Euskaraldiaren amaiera-egunagaz.
Erandioko Udalak "atsegin handiz" gonbidatu ditu herritarrak, abenduaren 3an egingo den Berbodromoaren seigarren ediziora. Izan ere, "aurten ere Berbodromoagaz Erandioko euskara ikasle, euskaltzale zein norbanakoen arteko sare euskalduna bultzatzen" segitu gura du Udalak, antolatzaileek nabarmendu dutenez.
Ekimenaren helburua da euskaraz mintzatzeko gune bat eskaintzea, batez ere euskara ikasten dabiltzanei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina modu berean, euskaldunen arteko harreman-sareak ehuntzea ere bilatzen dute ekimenagaz. Izan ere, berbodromoan parte hartu ondotik, bertan egindako lagun berriakaz, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu baitaiteke.
Aurten berbodromoa bideratuko duen aurkezlea Julian Iantzi izango da eta hiru gonbidatu berezi izango ditu: Reyes Prados jatorri andaluziarreko telebista-aurkezle euskalduna, Ane Zugaza musikaria eta Ibon Larrinaga boxeolari itzubaltzetarra.
Berbodromora bertaratuko direnek, lekuan lekuko zein egunerokotasuneko hiru gairen inguruan berba egiteko aukera izango dute gainerako partaideakaz, gai bakoitza lagun talde berri bategaz, 15 minutuz gai baten gainean jardun ondoren beste mahai batera aldatuko baitira. Horrela, giro xamur eta lagunartekoan elkar ezagutzeko aukera izango dute partaideek eta ekimenean parte hartuko duten pertsonai ezagunak ere parez pare izango dituzte.
Euskaraldiaren amaiera egunagaz bat eginez, ekitaldira hurbilduko diren erandioztar asko eta asko 11 egunez ahobizi eta belarriprest izan diren heinean, Euskaraldiari amaiera emateko antolatu diren ekimenen artean bat gehiago izango da Berbodromoa. Erandioko euskaltzaleak eta euskara ikasleak euskaraz berba egin eta lagun berriak ezagutzeko elkartuko dira urtero legez, euskaraz noski, elkarregaz goiz ezberdin zein atsegin bat pasatzeko asmoz.